Zainduz programak bost hitzaldi eta bi tailer emango ditu azaroan
Gernika-Lumoko Kultur Etxean emango ditu lau hitzaldi eta tailer biak, eta Nabarnizen egingo dute beste berbaldia. Zainduzek webgunea ere izango du aurrerantzeanBusturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintz...
Gernika-Lumoko Kultur Etxean emango ditu lau hitzaldi eta tailer biak, eta Nabarnizen egingo dute beste berbaldia. Zainduzek webgunea ere izango du aurrerantzean
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako Zainduz programak bost hitzaldi eta tailer bi dakartza azarorako.Etxeko pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburua du programak. Hala, zaintzaile horiei arreta eta laguntza ematea xede hartuta, norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetzeko eta zaintza lana errazteko teknikak ematen ditu.
Horrez gain, informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen programa ere bada Zainduz.
2013. urtean jarri zuten martxan, eta geroztik, hainbat izan dira eskaini dituen tresnez baliatu diren herritarrak. Aurreko ekitaldian jasotako erantzuna, esaterako, «oso ona» izan dela azaldu zuen Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariak, atzo egindako prentsaurrekoan. Zehaztu zuenez, 75 pertsona izan ziren aurreko ekitaldiko hitzaldietan parte hartu zutenak, eta 39 izan ziren, aldiz, etxez etxe eman zituzten prestakuntza saioetan bildu zirenak.
Zaintzaileentzako laguntza taldea ere jartzen du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak herritarren eskura, «baina ez da beti taldea osatzen, gutxieneko kopurura ailegatzen ez delako». Aurreko ekitaldian, esaterako, posible izan zuten taldea eratzea, eta parte hartutakoentzako «esperientzia aberasgarria» izan zela aipatu du Llantadak. Taldea osatzea lortu dutenetan, jendea oso gustura egon dela-eta, aurten ere, laguntza taldea osatzeko asmoa erakutsi du, eta jakinarazi du, taldea ez eratzekotan ere, banakako laguntza eskaintzen dutela.
Ekitaldi berriko bost hitzaldietatik lau Gernika-Lumon emango dituzte, eta bestea Nabarnizen. Datorren martitzenean, azaraoaren 7an, emango dute lehenengoa Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta zaintzarako oinarrizko teknikak eta mobilizazioak landuko dituzte. Hurrengoa Nabarnizen egingo dute hiru egun beranduago. Lege aholkularitza: ezgaitasuna, testamentuak, seniparteak izenburupean eskainiko dute berbaldia 19:00etan hasita, Gizarte lokalean. Hurrengo hiru hitzaldiak azaroko gainontzeko martitzenetan emango dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Dementziak eragindako portaera aldaketen aurrean nola jokatu behar den azalduko dute azaroaren 14ko saioan, eta mendekotasuna duen familiartekoen zaintzari buruzkoa izango da azaroaren 21ekoa. Azken horretan, norbere burua zaindu eta besteak zaintzeko estrategiak azalduko dituzte. Bosgarren eta azkenean, berriz, mendekotasuna duten familiartekoen zaintzan izaten diren sentimendu eta emozioez jardungo dira. Gernikako hitzaldiak 18:00etan hasiko dira.
Berbaldietan alde teorikoa landuko dute, baina barneratutakoa praktikan nola jarri ikasteko aukera ere emango dute hileon kultur etxean gauzatuko dituzten tailerren bitartez. Azaroaren 9an egingo dute lehenengoa, eta mendekotasuna duten pertsonen mobilizazioari buruzkoa izango da. Azaroaren 16an egingo dute, berriz, bigarrena: Estimulazio kognitiboa lantzeko ariketak. Tailerrek hitzaldiekin lotura izango dutela azaldu du Llantadak; horregatik, bietara joatea «komenigarria» litzatekela adierazi du. Dena den, herritarrek libre izango dute zein hitzaldi eta tailerretara joan erabakitzea.
Hitzaldietan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa ez bada ere, tailerretarako aurretiaz izena ematea eskatu du mankomunitateak. Horretarako, 94-625 51 22 telefonora deitu edo mank.ssbusturialdea@bizkaia.org helbidera mezua bidali behar da.
Webgunea martxan
Aurten, gainera, berrikuntza batekin dator Zainduz; webgunea (www.busturialdeazainduz.eus) jarri baitute martxan, zaintzaileek programari buruzko informazio eguneratua jaso eta zaintzarako lagungarria izan daitekeen dokumentazioa eta informazioa eskura dezaten. Zainduzek eskaintzen dituen zerbitzuak (hitzaldi eta tailerrak, zaintzaileentzako arreta eta etxez etxeko prestakuntza, sostengu teknikoak maileguan hartzea eta segurtasun eta laguntza programa), eta orotariko dokumentuak aurki daitezke, beste hainbaten artean, webgune horretan; hala nola, buruko gaixotasunerako ariketak, zaintzaileentzako gida praktikoa eta beraien eskubideei eta emozioei buruzko informazioa, mendekotasunari lotutako dokumentuak… Halaber, programak antolatutako ekitaldien berri ere izan dezake herritarrak webgunearen bitartez.