Herriarentzat kirol, kultur zein bestelako ekintzak burutzeko esparru bat berreskuratu dutela ospatzeko asteburua izan dute Ziortza-Bolibarren. Puntistak omendu, eta bertso pilota jaialdi mistoa egin dituzte jai giroan.
Makina bat pilotari ezagun irten dira Ziortza-Bolibartik, eta Ameriketan herriko enbaxadore izan dira belaunaldiz belaunaldi.
Txikito Bolibarda denetan ezagunena, baina puntista on asko dituzte herrian. Hain zuzen, 28 pilotari omendu zituzten zapatu arratsaldean eraberritu duten frontoian.
Udal gobernuaren politika udalerrian bizilagunentzat esparruak sortu edota berreskuratzea izan da, eta aurretik Beko Zubiko Parkea eta Kulturgunea egin moduan, oraingo honetan kirol, kultur zein bestelako ekintzetarako egokitu dute frontoia. Izan ere, soinu arazoak ematen zituen, eta burutu berri dituzten lanekin soinuaren “kalitatea asko hobetu” dutela nabarmendu du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak: “Ozentasun egokia bilatzen genuen, ez bakarrik kirol ekitaldietarako, bai eta kultur ekintzetarako ere, eta emaitzagaz oso pozik gaude”.
Herritar batzuk margotu dutela ‘Txikito Bolibarren’ murala.
Txikitoren murala. Soinua hobetzeko lanekin batera, herritar batzuek margotutako Txikito Bolibarren mural handi bat, eta herriko 28 pilotarien argazkiak jarri dituzte frontoiko hormetan. Hala, argazkien ondoan, bakoitzaren ibilbide profesionala laburbildu dute. Zapatuko ekitaldian parte hartu zuten horietako askok, eta beste batzuk ikus-entzunezko bidez egin zituzten adierazpenak. Halaber, puntista profesional izandakoen irudiekin egindako muntaia ere ikusi zuten frontoian bildutakoek.
Garrok “herriaren izena mundu osoan zehar zabaltzeagatik” eskerrak eman zizkien guztiei.
28 zestalariren argazkiak jarri dituzte leihoen tartean.
Omentutakoek zein bere izenagaz kamiseta gorri bana jaso zuten, eta bertan ez ziren pilotarien senideek hartu zituzten falta zirenenak. Hala, Osa zestalariak zenbait bertso kantatuz girotu zuen ekitaldia. Omenaldia amaitzeko, zenbait pilota jaurti zituzten bertaratu ziren zestalariek, eta Txikitok egin zuen ohorezko sakea.
Bestalde, domeka eguerdian Mikel Olazabal eta Patri Espinar eta Ibon Taberna eta Maite Ruiz de Larramendi bikoteek eta Oihane Perea eta Iratxe Ibarra bertsolariek burutu zuten bertso pilota jaialdi mistoa.
Zapatu arratsaldean zein domeka eguerdian frontoia jendez bete zela-eta pozik daude udal ordezkariak.
OMENDUTAKO ZESTALARIAK:
–Marcelino Olate
–Jose Mari Bustindui
–Esteban Lejardi
–Alfonso Azkaiturrieta
–Alberto Azkaiturrieta
–Jose Antonio Illoro Txikito Bolibar
–Jose Mari Jaio Goikoetxe
–Jose Agustin Illoro
–Jose Ramon Garate
–Juan Carlos Azpiazu
–Jose Ramon Azpiazu
–Josu Undabarrena
–Pedro Azkaiturrieta
–Aitor Irusta
–Jose Javier Lejardi
–Ricardo Buztindui
–Jose Ramon Arrazola
–Jose Luis Olabe
–Felix Mari Azkaiturrieta
–Santi Olabe
–Ernesto Arriaga Lejardi
–Iñaki Mendibe
–Xabat Alkorta
–Fernando Lejardi
–Iban Osa
–Andoni Etxaniz Arriaga Arriaga
–Sergio Onaindia
–Aitzol Larruskain
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.