Azken hogei urteetan sagarrondoek garau gehien eman duten urtea izan da aurtengoa Lea Ibarran. Udazkenaren hasieran bilketa egiterakoan, 2017. urtea gogoratzekoa izango zela konturatu ziren baserritarrak. Eugenio Jaio aulestiarrak esan duenez
udako eguraldia “komeni izan den moduan” suertatu da. Halaber, uda osoan lurra umela egon da, eta gainera, sagar urtea izanda behar ziren baldintza guztiak eman dira sagar kopuru handiak zenbatzeko. Sagarrondoak bi urtetik behin ematen ditu fruituak, eta aurtengoa sagar urtea izango zela jakina zen adituen artean.
Sagar piloa Iturritze baserrian
Jaio hogei urtez ibili da sagardoa egiteko sagarrak batzen, eta hark ezagutu duen urterik emankorrena izan da aurtengoa. Aulestiarrak
Iturritze baserrian du sagastia, eta aurten lankideagaz batera hektarea batean
35.000 kilo sagar batu ditu. Hektarea bakoitzeko 20.000 kilo batzea omen da ohikoena, baina aurtengoa ez dela “normala” izan adierazi du baserritarrak. Hala ere, gertatutakoa ez dela guztiz ona azaldu du Jaiok, urte emankor baten ostean sagarrik ez delako egoten; “niri gustatuko litzaidake urtero 15.000 kilo sagar batzea, baina ez dago gure esku”.
Aurtengo sagarrak tamaina ederra izan dutela azpimarratu du Jaiok
Arbolak inausi eta gero, fruituak handiagoak izaten dira. Baina sagardoa egiteko ez da garrantzitsua sagarraren neurria. Beraz, Jaiok eta bere lankideek ez dituzte zuhaitzak inausten. Dena den, aurtengo sagarrak tamaina ederra izan dutela azpimarratu du aulestiarrak.
Iturritze baserrian hainbat sagar mota ekoizten dituzte, baina Jaioren ustez
sagardoa egiteko eta jateko onena Bost Kantoia izenekoa da. Urtebetea sagar mota eta Asturiasetik ekarritako beste mota batzuk ere ekoizten dituzte, sagardo naturala egiteko hainbat sagar mota erabiltzen baitira: gozoak, gaziak eta gezak.
Eugenio Jaio Aulestin dituen sagastietan
Jaioren sagastian udazken hasieran hasten dira sagarrak batzen. Baserrian bertan bi edukiontzi handi jartzen dituzte, eta bete arte bertan edukitzen dituzte. Traktorea ere erabiltzen dute sagarrondoetara hurbiltzeko, eta langileek sagar kutxekin distantzia handiak egin behar ez izateko. Azkenik kamioiez garraiatzen dituzte
Laneko kooperatibaren lantegira, bertan sagarrak sagardoa egiteko edo beste produktu batzuk egiteko erabiltzen dituzte. Hala ere, aurtengo uzta handia izan denez, etxean sagardoa egiteko aukera ikusi dute Jaiorenean.