Txomin Arana ereñarrak Espainiako Rally TT Txapelketa irabazi du
Asteburuan Valentziako Requena udalerrian lehiatu dute txapelketa. Aranak esan du ez zuela txapelketa irabaztea espero, aurreko urteetako irabazleak eta pilotu arinak egon direlakoTxomin Arana ereñarrak Espainiako Rally TT Txapelketa eskuratu du. Aste...
Asteburuan Valentziako Requena udalerrian lehiatu dute txapelketa. Aranak esan du ez zuela txapelketa irabaztea espero, aurreko urteetako irabazleak eta pilotu arinak egon direlako
Txomin Arana ereñarrak Espainiako Rally TT Txapelketa eskuratu du. Asteburu honetan jokatu dute txapelketa Requenan, (Valentzia, Herrialde Katalanak). Pilotuek karta bakarrera jokatu behar izan dute txapelketa, bi egunetan.Euren onena erakusteko aukera izan dute lehiakideek, eta Ereñoko pilotuak sasoian dagoela erakutsi du, podiumaren gorenera igoz. Husqvarna motorrarekin, denborarik onenak markatu ditu Busturialdekoak: 2.04.27koa egin zuen zapatuan, eta 3.07.56koa domekan.
Aranak esan duenez, ez zuen irabazterik espero, aurreko urteetako pilotu irabazle on eta arinekin neurtu behar izan baitu bere burua. Hala ere, esan duenez, «dena ondo» atera zaio. «Zortea behar da bi egunetan bi karrera on egiteko, eta nik zorte on hori izan dut». Hori dela eta, pozik da asteburuan lortutako emaitzarekin.
Dakarra hurrengo erronka
Espainiako Rally TT-ko kopa etxera ekarrita, Dakar proba prestatzen buru-belarri ariko da ereñarra aurrerantzean. Horretarako gogotsu dago: «Entrenatzen hasiko naiz, nire burua ez dut-eta %100 ikusten».
Motorra prestatzen emango dituzte hurrengo egunak, hamabosta barru bidali behar dutelako. Gero, entrenatzen emango ditu urte berri egunera arteko asteak. Urtarrilaren 1ean, hain zuzen, Hegoamerikarako bidea hartuko du, Dakar proban parte hartzeko. «Abenduan Sierra Nevadara (Granada, Espainia) joango naiz, entrenamenduak alturan egiteko eta Dakarrerako prestatzeko», azaldu du.