Hondakinak Olatz harrobian uzteko eskaria luzatu dio
Mutriku Natur Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiari, bertako inguruaren mesedetan. Hondakin hauek
erauzketa lanetatik eratorritakoak izango dira, eta
ez kutsagarriak edo kaltegarriak. Lanak egiten dituzten puntutik bizpahiru kilometrora dago harrobia, eta dagoeneko gizakiak “hondatuta” dagoen leku bat erabiltzeko eskatu dute hondakinak botatzeko, ondo dagoen beste leku bat kaltetu beharrean. Lanen proiektuan azaltzen denez
Laranga auzoko Errekaundi gunean utzi nahi dituzte hondakinak, horretarako prestatutako
2.500 metro karratuko gune batean.
Mutriku Natur Taldeak
urte luzez borrokatu du Olatz eta San Blas harrobiak behin betiko ixteko. Arno ingurua
Garrantzi Komunitarioko Leku bezala izendatua dauka
Europar Batasunak eta orain
Kontserbazio Eremu Berezia da. Harrobiek
Arnoko artadia banatzen dute eta Mutriku Natur Taldea azken urteetan hauen lana bertan behera uzteko eskariak egiten aritu da.
Olatz harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea
Orain,
GI-638 errepidearen hobekuntza lanetatik sortutako erauzketen hondakinak bertan uzteko eskatzen dute, bizpahiru urtez harrobien egoeraren inguruan eskatutako informazioa jaso baitute. Urteetan egon dira
4.462 eta 4.461 zenbakidun kontzesioei buruz galdetzen. Bi ziren egindako eskaerak: Olatz eta San Blas harrobien iraungitzea ekar zezakeen auzibidea martxan jartzea
iraungitze arrazoi objektiboak zirela eta, eta erabakitakoari buruzko eta auzibidearen inguruko informazioa ematea.
Azken informazio eskaera
2017ko apirilaren 1ean egin zuten eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak hilabete zeukan Mutriku Natur Taldearen galderei erantzuteko. Epe hau igarota erantzunik jaso ez zutenez,
Gardena agentzia sartu zen, Eusko Jaurlaritzaren gardentasuna bermatzeaz arduratzen den agentzia. Honek,
10 egun eman zizkion zuzendaritzari erantzuna emateko.
San Blas harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea
Uztailaren 19an jaso zuen Mutriku Natur Taldeak Eusko Jaurlaritzaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren erantzuna.
Olatz harrobia ustiatzen zuen enpresak luzapen bat eskatu zuen lanean jarraitzeko, baina eskari hori atzera botatzen ari ziren, ustiatze eskubidearen iraungitzearen aurreko urrats bezala.
San Blas harrobiaren kasuan berriz iraungitze prozesua martxan jarria zegoela onartu zuen Jaurlaritzak.
Bi harrobien egoera hau dela ikusirik eta errepideko hobekuntzen proiektua ezagututa,
Mutriku Natur Taldeak erauzketen
hondakinak Olatz harrobira eta behar izatekotan eta ahal izatekotan
San Blas harrobira bideratzeko eskaria egin du.
San Blas harrobia erabiltzeko aukera ondo aztertu behar dela aitortu dute, “harrobiko lan tradizionalaren baloreak ikus daitezkeelako bertan oraindik, Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat interesgarriak izan daitezkeenak”. Mutriku Natur Taldeak esan duenez, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak aitortu du Olatz harrobiak hartu dezakeela erauzitako hondakin kopurua,
90.000 metro kubiko inguru. Horregatik, natur taldeak bertan uzteko eskaria luzatu du, horrela ingurua berregitea ahalbidetuko litzakeelako batetik eta artadia zabaldu eta
Arnoko Eremu Babestua handitzea ahalbidetuko lukeelako bestetik.