Ondarroan eta Berriatuan zabor organikoa batzen hasiko dira hilabeteon
Lea-Artibai da momentuz Bizkaian bilketa sistema berria martxan jarriko duen eskualde bakarra. Amankomunazgoko hezitzaileek etxez etxe banatuko dute materiala eta informazioaHilabete honetan hasiko dira hondakin organikoak biltzen Ondarroan eta Berriat...
Lea-Artibai da momentuz Bizkaian bilketa sistema berria martxan jarriko duen eskualde bakarra. Amankomunazgoko hezitzaileek etxez etxe banatuko dute materiala eta informazioa
Hilabete honetan hasiko dira hondakin organikoak biltzen Ondarroan eta Berriatuan. Horretarako edukiontziak jarriko dituzte laster bi udalerrietako udalek eta Lea-Artibaiko Amankomunazgoak.Orain arteko sistemagaz, edukiontzi bakar batera botatzen zuten herritar askok bai errefusa eta baita hondakin organikoa ere. Edukiontzi horren lekuan bi edukiontzi ipiniko dituztela zehaztu dute: batera errefusa bota beharko da, eta bestera, hondakin organikoa.
Sistema aldaketagaz, Lea-Artibai izango da hondakin organikoak bereizita batuko dituen Bizkaiko eskualde bakarra. Ondarroa eta Berriatua izango dira lehen herriak, eta atzetik joango dira gehitzen eskualdeko gainontzeko udalerriak.
Ordezkariek azaldu dutenez, hondakinen bilketan urrats berri bat eman nahi da sistema berriagaz, «hondakinak gehiago bereizi eta birziklapen tasa igotzeko».
Gainera, sistema berriak Lea-Artibai eskualdeko ezaugarriak aintzat hartu eta hondakin landare eta animalia hondakinak ere bilduko dituela jakinarazi dute.
Etxerik etxe
Bi herrietako bizilagunek eduki zitzaketen zalantzak argitzeko asmoagaz, hainbat auzo batzar egin dira Ondarroan, eta Berriatuan ere zaborren bilketari eta zergei buruzko batzarra egin zuten urriaren 30ean. Orain, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak organikoaren bilketa sistema berriaren komunikazioko hezitzaileak jarri ditu martxan; bizilagunek eduki ditzaketen zalantzak argituko dituzte etxerik etxe.
Hori egiteaz gain, hondakinak biltzeko 10 litroko ontzi txikia, poltsa konpostagarriak, edukiontzia zabaltzeko txartel magnetiko pertsonalizatua, hozkailuan jartzeko pegatina magnetiko bat eta hondakinak nora bideratu behar diren zehazten duen eskuorria ere banatuko dituzte etxe guztietan. Argi laga nahi izan dute etxerik etxe ariko diren hezitzaileek Lea-Artibai Amankomunazgoko identifikazioa eramango dutela, bizilagunengan nahasmenik ez sortzeko helburuagaz.
Ondarroako Udalak argitu duenez, sor daitezkeen zalantzak argitzeko egin beharreko bilerak egiteko prest daude. «Ondarroan %30 baino ez dugu gaika biltzen; kopurua azken urteetan igo bada ere, oraindik lortu behar ditugun helburuetatik urrun gaude», azaldu du Zunbel Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Gaika jasotako hondakinen kopurua %70era igotzea espero dute.