Herrilana du lelo
Errigoraren kanpainak, eta auzolanean prestatu dituzte
milaka saski, euskarari puzka datozen nafar produktuz beteriko otzarak. Orain
zerrendak eskariz betetzeko ordua da, eta euskal herritarrek horretarako aukera izango dute
azaroaren 14a bitartean. Bi saski prestatu dituzte boluntarioek, zuria eta beltza.
Argazkia: Errigora
Errigoraren webgunean eskatu daitezke saskiak, horretarako aukera ematen duten eskaera puntuetan. Bestela,
esakerak egiteko tokiz toki horretarako guneak egokitu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan. Busturialdean, Lea-Artibain eta Mutrikun ere otzarak eskatzeko guneak jarri dituzte.
Elikadura burujabetzaren eredua jarraituta, eta Nafarroako ekoizleei bultzada emanez, euskarari ere arnasa ematen dio Errigora ekimenak.
Izan ere, saskien salmentatik biltzen duten
diru guztiaren
%25 Nafarroa hegoaldeko, euskara ofiziala ez den zonaldeko,
euskalgintzari laguntzera bideratzen dute ekimenaren bultzatzaileek.
Hori da egitasmoaren helburuetako bat, baina baita Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea ere, urrunekoen ordez bertokoen kontsumoa bultzatzeko.
«Herria egiteko» aukera. Oreretan egin zuen udazkeneko kanpaina abiatzeko ekitaldia, eta bertan jarri zuten, baita, tokiz toki ibili den Errigoraren karpa ibiltaria.
Ekitaldi hasieran, Oreretako Errigorako lantaldeko kide Eneko Guridik azaldu zuenez, «Nafar hegoaldeko euskalgintzak hain beharrezkoa duen elkartasunezko puzkada anaikor bat bidaltzeko aukera» dute kanpainarekin bat egiten duten herritarrek. Horrela, zonalde horretako nekazariei beraien ogibidean lagunduko dietela esan zuen, ekimen alai, anitz eta behetik gorakoa dena hauspotzeagaz batera. Hain zuzen, «herria egitekoa», Guridiren esanetan.
NON ESKATU:
- Aulesti
- Ilunzar taberna.
- Ubilla taberna.
- Berriatua.
- Udaletxea
- Urregarai eskola.
- Lekeitio
- R.M. Azkue ikastola.
- Galarrena taberna.
- Lea kafetegia.
- AEKn.
- Markina-Xemein
- Alarabi denda.
- Korrika denda.
- AEKn.
- Txokoan.
- Ondarroa
- Aldatza harategia.
- AEKn.
- Zubi Zahar herri ikastola.
- Ziortza Bolibar: 627 85 88 84 telefono zenbakira deituta
- Mutriku: Kalaputxi elkartean: kalaputxi2001@gmail.com/ 635 74 83 93