Trail luze eta laburra, mendi bizikleta lasterketa (MTB), txakur-krosa eta mendi martxa luzea zein laburra egingo dituzte
domekan.
Gaur
eguerdian itxi dute
izen ematea, eta proba guztiak kontuan hartuta 590 pertsonak izena eman dute. Alabaina, parte hartzaile gehiago espero dituzte. Izan ere, gura duenak proba guztietarako bonoa eskuratzen du, eta horiek 100 bat direla zehaztu dute Bizkaia Kopa Trailaren arduradunek.
Antolatzaileen berbetan, orokorrean partaidetza altuena trail laburrean egoten da, eta Lekeitiokoan ere hala izan da. Hain zuzen, 174 pertsonak izena eman dute proba horretan, eta luzean, aldiz, 110 pertsonak. MTB probarako 114 txirrindulari daude izena emanda, eta txakur-kroserako 59 parte hartzaile daude. Bestalde, mendi martxa luzean 68 pertsonak izena eman dute, eta laburrean 65 pertsonak.
Ordutegiari dagokionez, mendi martxetako parte hartzaileak izango dira goiztiarrenak. Horiek 09:00etan dute irteera-ordua (martxa luze zein laburrekoek). Ordu erdi beranduago aterako dira txakurrekin lasterketa egingo dutenak. Jarraian, 09:45ean abiatuko dira trail luzeko korrikalariak, eta laburrekoak, ostera, 10:00etan irtengo dira. Azkenik, 10:30ean hasiko da txirrindularien proba.
MTB probaren ibilbidea da luzeena. Txirrindulariek
21,46 kilometro egingo dituzte mendiko bizikletekin. Halaber, mendi martxa eta trail luzea 18,05 kilometrokoak izango dira, eta txakur-krosa zein mendi martxa eta trail laburrak 9,71 kilometro izango dituzte.
Mendi bizikleta eta trail lasterketetako zein martxa luzeko ibilbideetan lau anoa postu jarriko dituzte, eta ibilbide laburrean, berriz, bi anoa postu edukiko dituzte.
Keinu solidarioa. Bigarren urtez jarraian lehiatuko dute Bizkaia Kopa Trailaren proba Lekeition. Orain dela hiru urte egin zuten lehenengoz Bizkaia Kopa Traila, eta sorreratik
Stop SanFilippo Fundazioari laguntzen diote.
Hain zuzen ere, probetan izena ematen dutenei inskripzioa egiterakoan euro bat gutxiago ordaintzeko aukera ematen diete, eta trukean telefono mugikor bat eman behar izaten dute. Hala, Bizkaia Kopa Traileko proba guztiak egin ostean, telefono mugikor denak fundazioari ematen dizkiote, hark dirua lortzeko.
Azken proba abenduan. Bizkaia Kopa Traila
zortzi proba puntuagarrik osatzen dute. Azken proba
Diman lehiatuko dute abenduaren 17an.
Bizkaia Kopa Traila irabazteko edo sailkapen orokorrean sailkatzeko, partaideek gutxienez zortzi probetatik sei burutu behar dituzte.
Hala ere, txakur-krosaren kasuan, sei proba lehiatzen dituzte eta horietatik lau egitea beharrezkoa dute sailkatzeko. Aurten, baina, tenperatura altuen eraginez bi proba bertan behera utzi behar izan dituzte. Horregatik, abenduaren 3an Etxebarrin egingo duten Etxebarri X-Treme probaren barruko txakur-krosa Bizkaia Kopa Trailerako proba puntuagarria izatea erabaki dute antolatzaileek.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Iazko Lekeitio Trailaren irabazleak