Doako sarrera eta bisita gidatua, Bakearen Museoan
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Memoriaren Egunagaz bat egin, eta doako sarrera eta bisita gidatua eskainiko ditu barikuan, azaroaren 10ean.Egun horretan museora bertaratzen direnek ez dute sarrerarik ordaindu behar izango, eta, gainera, erakusketa ira...
Egun horretan museora bertaratzen direnek ez dute sarrerarik ordaindu behar izango, eta, gainera, erakusketa iraunkorraren doako bisita gidatuagaz gozatzeko aukera edukiko dute. Hain justu, 13:00etan egingo dute Ron English artista estatubatuarraren Gernika berriro imajinatuz aldi baterako erakusketaren bisita.
Aipatu erakusketa apirilean jarri zuten, eta hasiera batean, urriaren 29a arte ikusgai izatekoa bazen ere, bisitatzeko epea luzatzea erabaki du Bakearen Museoak. Orain arte eduki duen harrera «ona» kontuan hartuta, abenduaren 10 arte izango dute ikusgai.
Gerora, gainera, aipatu erakusketa erakusketa bidaiari bihurtzeko asmoa daukala esan du museoak; «interesa duen edozein erakundek eskatu ahal izango du erakusketa hori bere herrian jartzea».
Ron Englishen erakusketaren ostean, beste erakusketa bat jarriko du ikusgai museoak, eta zein izango den ere aurreratu du: Harrizko eta altzairuzko memoriak: Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimen omenezko monumentuak Euskadin (1936-2017).
Erakusketa berria
Erakusketa berri hori Bakearen Museoak berak sortutakoa izango da, eta Jesus Alonso Carballes katedratikoaren ikerketa batean dauka oinarria. Hain zuzen, abenduaren 15ean zabalduko dute, eta 2018ko irailaren 18ra arte bisitatu ahalko da Bakearen Museoan.
Hala, erakusketa horregaz memoriaren pendulu-higidura nabarmendu nahi du museoak, eta, era berean, aztertu gura du «monumentuek izan duten egiteko nabarmena, memoria berrindartzeko orduan eta azken hamarkadan gizarteak biktima errepublikarrak aitortzeko orduan ere».