2017ko Ondare jardunaldien baitan azaldu zituzten Aulestiko Murlan egindako aurkikuntzen berezitasunak. Goi-Erdi Aroko eta Erromaniko garai aurreko aztarnak ere aurkitu dituzte, tartean. «Ez da erraza topatzea Bizkaian Goi-Erdi Aroko elementurik, Erromaniko garai aurreko leihatila edo estela batzuk kenduta. Eta oso gutxi dira Erdi Aroko edo tarteko Erdi Aroko elementuak dauzkaten elizak edo ermitak, hau da, Erromaniko eta aurre Erromaniko garaietakoak», adierazi du Jose Angel Fernandez Carvajal Ondarebabesa elkarteko arkeologoak. Jardunaldietan, hainbat garaietako aztarnen berri eman zuten.
2012an, Aulestiko Udala Ondarebabesa ondare babeserako elkarteagaz hartu-emanetan jarri zen, Zerbitzu enpresen gunea martxan jartzeko beharrei lotuta. «Kultur ondarearen legeak derrigortu egiten du horrelako lanak egin behar izaten direnean azterketa arkeologikoa egitera, aztarnategirik badagoen ikusteko», adierazi du Fernandez Carvajalek.
Historia agirietan jasota geratu da Murlakoa izan zela lehen parrokia
2012ko abenduan ekin zieten lanei, eta neguan eten bat egin ostean, 2013ko udaberrian amaitu zituzten. «San Juan Burumoztuaren ermitak hamabost metroko babes eremua dauka, Juan Ramon Iturriza historialariak jasotako agirietan agertzen denez San Juan burumoztua herriko lehengo parrokia izan zitekeelako», azaldu du Fernandez Carvajalek. Beharrak egin ahala konturatu ziren Aulestiko lehenengo parrokia ezeze, beste hainbat garaietako aztarnak ere bazeudela.
Bizkaiko ondare jardunaldiak, Aulestin
«Ikusten zen okupazioko hiru-lau fase zeudela, eta horrek eramaten gintuela Erdi Arora arte. Horrenbestez, Goi- Erdi Aroko hondarrak dauzkagu, gutxienez, eta hortik aurrera, hainbat okupazio fase izan zirela ondorioztatu dugu, ermitak eta inguruak herriaren erdigune izateari utzi zioten arte». Indausketa beharrek ez zuten galarazi ermita inguruaren egokitzapena, eta, ondorioz, umeentzako parkea eta ziburuak egin zituzten, etorkizunean Aulestiko Zerbitzu enpresen gunea egiteko aukera zabaltzeagaz batera.
Uste baino aztarna antzinakoagoak. Aulestin, Erromanikoaren aurreko nekropoli baten zantzuak zeuzkaten, eta indusketa arkeologikoen bidez Erromaniko garaiko eliza eta nekropoli baten hondarrak aurkitu zituzten. Beste alde batetik, Murlan aspalditik bizi izan zirela erakusten dute elementuek, eta horixe agertu nahi izan zuten, hain zuzen, Bizkaiko Ondare Jardunaldietan. «Paisaiako elementuen bidez, irudikatuta geratzen da Goi-Erdi Aroko garaiko elementuetatik hasi eta gaur egungo baserrietara heldu arte, gizon-emakumeek berton izan duten iraupena. Horrez gain, arkeologiaren ikuspuntutik, nekropoliok hain ondo mantentzeak garrantzia hartzen du», dio Fernandez Carvajalek.
Aulestiarrak harrituta geratu ziren hondarren antzinakotasuna jakitean
Aurkikuntzei leku egitea erabaki zuten urriko Bizkaiko Ondare jardunaldietan. Jende askok erantzun zion deialdiari: 50 bat lagunek; bertokoak, herriaren historia ezagutzeko gogoz zeudenak, zein kanpokoak. «Ondare jardunaldietan jende asko mugitzen da, eta badakigu Aulesti ezagutzen ez zuen jende asko etorri zela». Baina, batez ere, herriari 2012-2013 hartan egindako aurkikuntzak erakusteko balio izan die. «Aulestiarrek bazekiten hor bazeukatela zerbait; bazekiten aurkikuntza arkeologikoak egin zirela, ze Aulestiko jendeak beti eduki izan du lan hauen berri, beti erakutsi izan dute interesa herrian egiten denaren inguruan; historiari zein kulturari lotuta egon. Hala eta ere, harrituta geratu ziren hondarren antzinakotasuna jakitean». Orokorrean jardunaldien ekarpena nabarmendu du Fernandez Carvajalek. «Ondare jardunaldi hauek garrantzi handia daukate, gure herrien kultura eta historia ezagutzera ematen duten elementuak jendeari erakusteko aukera ematen dutelako», esan du.
Bihar-etzirako baliogarri. Ondarebabesaren egitekoa 2013ko udaberri hartan amaitu zen. Dena dela, zabalik geratzen da bihar-etziko balizko aurkikuntzetarako. «Elizaren behegainean eta inguruetan oraindik egon daitezke elementuak azterketa gehiago ulertzen lagun ahal digutenak. Gu beti geratzen gara proiektu batek edo bestek eragingo duen azaleran. Baina aktuazioak beti luzatu ahal dira. Adibidez, seguru gaude San Juaneko ermitan intereseko elementu gehiago daudela, ustez, aurkitu ditugun eraikuntzak daudelako behean. Horrela, Erromaniko aurreko eliza gaur egungo ermitaren behean egon daiteke, eta, bestalde, segurua da eliza Erromanikoa ere badagoela. Gure lana hor gelditzen da bihar-etziko arkeologoentzat. Etorkizuneko arkeologoak lanean hasi behar badira edo gehiago aztertu nahi bada, jakingo dute arkeologia-hondarra hor dagoela».
Bizkaiko Ondare jardunaldiak, San Juan Burumoztuaren ermita aurrean
San Juan Burumoztuaren ermita. San Juan, Murlan, garai bateko parrokia izan zen, eta
herriko ermiten artean handiena da. 14,60 metro ditu luzeran, eta 8,80 metro zabaleran. Ez dauka kanpandorrerik, eta aldare bakarra dauka. Lehen, lo egin ezinez ibiltzen ziren umeak eroaten zituzten, San Juan bezperako loaren inguruko sinesmenak eraginda. Izan ere, egun horretako siestak urte guztirako loaldia ematen duela uste zuten, antzina. Ermitan, kristoren irudi handi bat egon zen, bai Andra Mariarena ere. Koruko gainaldean, barrualdeko horman, harri zulo bat dago, eta harri hark gizonaren ahotsa sendotu egiten duen ustea dago. 1640. urtean, Aulesti gaur egun dagoen eremura eroan zuten, eta San Juan auzoko ermita izatera pasatu zen.