Itsasoaren Azterketarako Nazioarteko Kontseiluak urriaren 20an azaldu zituen 2018 urtera begira iberiar sardinari buruz zientzialariek emandako aholkuak. Euren gomendioa datorren urtean sardinarik ez arrantzatzea da.
Arrantzaren inguruko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Portugalgo Batzarrak eta Espainiako Ecologistas en Accion, Fundació ENT, SEO/Birdlife eta Oceana erakundeek mezu garbia helarazi nahi izan diote Espainiako eta Portugaleko gobernuei: zientzialarien gomendioei jarraitzeko, eta are gehiago sardinaren kasuan.
Sardina Ondarroako portuan.
Bi herrialdeetako ordezkariak Europako Batzordean egon ziren bilduta 2018ko kuota negoziatzen. Espainiako Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministeritzak jakitera eman zuenez bi herrialdeen arteko kuota 13.500 eta 15.000 tona artean kokatuko da. Hori horrela izatekotan, zientzialariek egindako gomendioak ez dituztela errespetatuko eman dute jakitera.
Gobernuz Kanpoko Erakundeek elkartasuna adierazi nahi izan diete arrantzaleei eta esan dute jakitun direla arrantzarik ez egiteak sektorean dakartzan eragin negatiboekin. Baina hala eta guztiz ere gogorarazi nahi izan dute geratzen den sardinaren egoera ikusita plan estrategiko baten beharra dagoela berehala, espeziea errekuperatzen saiatzeko.