Dantza jaialdi solidarioa antolatu dute gaixotasun arraroen alde
Bilbo Salsa elkarteak antolatu du biharko egun osoko dantza jaialdi solidarioa. Umeentzako, berriz, tailerrak egongo dira lehengo arrantzaleen kofradianGaixotasun arraroak dauzkaten Bermeo eta Mundakako umeei eta euren familiei elkartasuna adierazteko ...
Bilbo Salsa elkarteak antolatu du biharko egun osoko dantza jaialdi solidarioa. Umeentzako, berriz, tailerrak egongo dira lehengo arrantzaleen kofradian
Gaixotasun arraroak dauzkaten Bermeo eta Mundakako umeei eta euren familiei elkartasuna adierazteko jaialdi solidarioa antolatu dute biharko. Oraingoan, herrian sortu berri den Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren aldeko jaialdia izango da.Bilbo Salsa elkarteak antolatutako dantza jaialdi solidarioa da, hain zuzen ere, biharkoa. Egun osoko jaialdi horretan, mota ezberdineko dantza saioak eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, 28 dantza taldek parte hartuko dute; Bermeo, Mundaka, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako dantza taldeak, hain zuzen ere. Artza frontoian egingo dute jaialdia, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Egun guztirako sarrera bost eurokoa izango da.
Bitartean, ondoan, lehengo arrantzaleen kofradian, umeentzako tailerrak egongo dira aukeran, 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 12 urtera bitarteko umeei zuzendutako tailerrak eskainiko dituzte MB 2000 elkarteak eta Bermeoko Gurutze Gorriak. 6 urtetik beherako umeek nagusi batekin egon beharko dutela azaldu dute. Tailerretarako sarrera, berriz, euro bat ordaindu beharko da.
Biharko jaialdi solidarioa Bermeoko Kafe Antzokian amaituko da. Bertan, Habana 537 taldearen musikagaz dantza egiteko aukera edukiko dute bertaratutako guztiek. Kontzerturako sarrera ere 5 eurokoa izango da.
Pintxo solidarioak domekan
Era berean, San Martin azokan ere lekua izango dute domekan Eutsi Gogor, Danok Batera proiektua osatzen duen familiek. Eurentzako gune bat egongo da azokan, eta dirua batu asmoz, eskumuturreko solidarioak salduko dituzte, bai eta azoka antolatzen duen Andeko tabernak emandako pintxo solidarioak ere.
Familietako bi ordezkarik, gainera, odoloste txapelketako epaimahaian parte hartuko dute, eta emandako aukera eskertu gura izan dute.
Maiatzen hasita
Bermeoko Kate Sarea elkarteak eta gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiek bultzatutako proiektua da Eutsi Gogor, Danok Batera.
Maiatzean hasi ziren martxan, Orduan, bost kasu zeuden Bermeon: Rett sindromearen bi kasu, Duchenne-ren distrofia muskularraren bat, Langerhans zelulen Histiocitosis-a, eta oraindik diagnostikoaren zain dagoen Traps sindromearen kasu bat. Baina, zoritxarrez, gehiago egon zitekeenaren susmoa zeukaten; ez bakarrik Bermeon, baizik eta baita Busturialdean ere, Kate Sareako presidente Mirenlur Santiagok esan bezala. Susmoa egi bihurtu eta Bermeon zazpi gaixotasun arraroen kasuak. Hain zuzen, hemofilia kasu bat eta Tximeleta azalaren (epidermolisis anpoilatsu distrofikoa) beste kasu bat identifikatu dituzte. Mundakan, berriz, Marfan sindromearen kasu bat dagoela esan dute. Hala, Mundakako herria ere proiektuan laguntzen ari da, eta elkarlanean ari direla esan du Santiagok.
«Eskualdean gaixotasun arraroak dauzkaten umeen famili guztiengana iritsi nahiko genuke, eta lanean ari gara hori lortu aldera», dio Santiagok.
Proiektuaren helburuak bi dira. Batetik, gaixotasunak eman gura dituzte ezagutzera; hau da, «horiek gizarteratu eta egunerokotasunean umeentzako eta euren familientzako suposatzen duena azaldu». Bestetik, ikerketarako dirua batzea dute helburu, bai eta familien ekonomia arintzea ere. Izan ere, tratamendu eta terapien kostua altua da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan zein kanpoan dauden beste zenbait ospitaletara bidaiatu behar izaten dute, sarri.
Proiektuaren bultzatzaileak beste bi ekintza solidario prestatzen ari dira abendurako. 23an, musika izango da protagonista Gabonetako jaialdi solidarioan, eta 31n, berriz, San Silbestre lasterketa egingo dute. Horien berri, hala ere, aurrerago emango dute.
Santiagorentzat «ohore bat» da aipatu proiektu soziala koordinatzea, «familiekin eta bere denbora eta ilusioa ematen duten boluntarioekin elkarlanean».
«Gaixotasun arraroak dauzkaten familiek beren indarra eta adorea helarazi didate. Familiak orain arte bakarrean ibili dira lanean, eta esan dutenez, proiektu honen bitartez orain ez dira bakarrik sentitzen. Aukera dute emozioak eta informazioa elkarbanatzeko. Horregatik guztiagatik pena merezi du gizarte proiektu honetan lanean jarraitzea», dio Santiagok. Era berean, herritarren babesa nabaritzen dute familiek, eta oso eskertuta daude. «Eurak jakin barik, nire familia ere badira, eta euren baimenagaz, ume horien amabitxia bihurtu naiz», aitortu du.