Ekintza Planari buruzko saioa, zapatuan, Berriatuan
Etorkizuneko Berriatuak nolakoa izan behar duen zehazteko iaz egindako saioetan herritarrek egindako ekarpenetatik abiatuta, udalak ekintza plan bat egin zuen iaz. Eta hain zuzen ere, plan horri buruz berba egiteko saioa egingo da bihar, 16:30ean, Berr...
Iazko urrian herritar guztiei begirako saio bat egin zuten. Horretan, 69 herritarrek eta herriko elkarte desberdinek parte hartu zuten. Zehatz esateko, herriko zerbitzuetan zer hobetu, aldatu edo kenduko luketen erabakitzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek. «100 ekarpenetik gora proposatu zituzten».
Ekarpen horien guztien aurrean, udalak ekintza batzuk zehaztu zituen. Eta udaleko ordezkariek ekintza plan hori otsailaren 9an herritar guztiei begirako bilera batean aurkeztu zuten.
Bihar egingo den bilera, hain zuzen ere, zehaztutako ekintzei lehentasunak jartzeko saioa izango dela aurreratu dute udaleko ordezkariek. «Mintegi bat izango da. Eta horretan, ekintza plana osatzen duten ekintzen egoera azalduko dugu, guztion artean aurrera begirako lehentasunak zehaztu eta helburu edo ekintza berriak proposatzeko aukera ere egongo da».
Parte hartzearen garrantzia
Udalak herritar guztiei biharko saioan parte hartzeko deia egin die. Izan ere, Berritxu danok einaz! prozesuaren filosofia bera da; prozesu horren baitan kokatzen da Ekintza Plana.
Hala, Berriatuko Udal ordezkariek herritarren parte hartzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan dute. «Parte hartzea herritar guztiek daukaten eskubidea da. Komunitatean sinisten dugu, eta hori lortzeko herritarren sareak finkatzea ezinbestekoa dugu».
Halaber, berriatuarrek «modu kontzientean eta era aktiboan» herriaren etorkizunaz erabakitzen jarraitzea nahi dutela gaineratu dute. «Bide horretan, bitarteko desberdinak jartzen jarraituko dugu».