Komentuan hastea zen asmoa, baina Lekeitioko Dominiketako monja bat hil dela eta,
Andra Mariaren Zeruratzea basilika izan da gaur [azaroak 11], Iñigo de Artieta herriko pertsonaia garrantzitsuaren bizitza eta bizipenak ezagutzeko geralekua.
Lekeitioko
Hiribilduaren 698. urteurrena ospatzeko asmoz era guztietako bisita gidatuak antolatu ditu Lekeitioko Udalak, txoko batetik bestera, herritarrak euren ondarea ezagutzen joan ahal izateko. Urriaren 21ean hasi ziren bisitak Garraitz irlaren azalpenekin, eta gaur izan da azkena. Adan De Yarza familia eta harresia ezagutzeko aukera egon da azken hilean, besteak beste.
Lekeitioko elizan dagoen hilobiaren aurrean.
Orokorrean bisitak jendetsuak izan dira eta plaza mugatuak eduki dituzte. Gaur ere, bete egin dira elizako aurreko parteko jarlekuak.
Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak kontatu ditu Iñigo de Artieta (1475-1510) merkatari, almirante eta kortsarioaren bizipenak. Iñaki Madariagak egindako ikerketetan oinarritu dela zehaztu du Lekeitioko pertsonaia ezagunaren berri emateko. Izan ere, Madariaga izan omen da Artietaren bizitzari buruz gehien sakondu duena.
Artietarrak hiribildua sortu zenetik edo aurretik bizi omen ziren Lekeition. Merkatari familia aberatsa izan zen, itsasoari lotua. Eskribau, alkate, abokatu, merkatari, armadore eta marinelak izan ziren.
Kapera. Merkataritza eta irabaziak lortzea zuten lehen helburua eta betirako bizitza lortzea bigarrena. Hala, Iñigo de Artietaren aitak,
Nicolas de Artietak kapera bat erosi zuen 1487 urtean komentuan, betirako bizitza hori ziurtatzeko.
Erretaula bat eraiki zuten kaperan, triptiko gotiko flamenko bat. Triptiko hori milioi bat eurogatik enkantean saldu zuten 2012 urtean.
Juan Manuel Gonzalez Cembellin azalpenak ematen Lekeitioko elizan.
Aitaren kapera beste anaia batek heredatu zuen, eta beraz, beste kapera bat egitea erabaki zuen Iñigo de Artietak, eta elizako absidea bere kaperan eraikitzea lortzen du. Baina 1881ean erreformak egin ziren Dominiketan, eta bertatik kanpora bidali zituzten Artietarrak.
Lekeitioko elizan dago, gaur egun,
hilobia. Bertan amaitu da gaurko bisita, eta hilobia Iñigo de Artietarena edo bere aitarena izan litekeela azaldu du Gonzalez historialariak, duen itxuragatik.
Ospe handiko gizona. Horrez gain, Iñigo de Artieta hiribilduan bizi izan den Lekeitioko pertsonaia garrantzitsuena izan zela nabarmendu du historialariak. Armadore gisa, hainbat itsasontzi egin zituen, eta bere ontziak Errege Katolikoen aginduetara borrokatu zuten, bera armadako kapitain jenerala ere izan zelarik. Horrez gain, merkatari handia ere bazen eta merkataritzan jardun zuen inguruko herrialdeetan ere.
“Agian Lekeitioko gizonik aberatsena eta ospe handikoena izango zen garai hartan”, aitatu du Juan Manuel Gonzalez Cembellinek. Hori erakusteko hainbat pasadizo kontatu ditu, eta txalo zaparradagaz eskertu diote entzuleek bere azalpenak.