Agur, militante abertzale antifrankistari
Aski ezaguna den Julen Kaltzada busturiarra hil da, 82 urte zituela. 1935eko uztailaren 18an jaio zen apaiz eta militante antifrankista izandakoa. Egun hartatik bere aztarna utzi du han eta hemen. Apaiza izan zen, baina baita amnistiatua eta helduen-eu...
Beste hainbaten artean, idazlea ere bazen busturiarra. Joan den astean, esaterako, bere azken lana aurkeztu zuen: Umezurtzen aberria. Kaltzadak iloba bati idatzitako testuak oinarri hartuta, bere bizitza jaso zuten haren inguruko zenbait lagunek; hartara, liburu autobiografikoa osatuz. Bertan azaltzen dira, esaterako, Euskal Herrian azken 80 urteotan gertatutakoak: haurtzaroa, baserriko bizia, espetxealdia, Burgosko prozesua, EGIN-en sorrera, AEK-ko militantzia, Korrika… 200 lagun baino gehiagoren auzo-diruarekin editatu dute lana, Kaltzadari berari ezer esan gabe.
Izan ere, Kaltzadak izan du zer kontatu; bizipenak ez dira gutxi izan-eta. 11 urte zituela apaiztegira joan zen eta 1958. urtean egin zuten apaiz. Orozkoko Muruetara bidali zuten orduan, parroko, eta bertatik Iurretara lekualdatu zuten sei urtera. Herri Gaztedi mugimendu katolikoan sartu zen orduan. 1968an, aldiz, euskal apaiz antifrankisten Derioko apaiztegiko itxialdian parte hartu zuen eta baita 1969ko Bilboko gotzaitegiko gose greban ere. Hala, eta matxinada militarra egin izana leporatuta, atxilotu eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
1970ean, Burgosko prozesuan epaitu zuten eta beste hamabi urteko zigorra ezarri zioten. Baina 1976. urterako kalean zen. Espetxetik atera eta helduen euskalduntze-alfabetatzean murgildu zen. AEK-ko buru ere izan zen, eta Korrikaren sorreran parte hartu zuen. Aurten, esaterako, Korrikaren lekukoa eraman du Busturian.
1979an, Herriak eta gizonak liburua argitaratu zuen. Liburuak idazteaz gain, kolaborazioak ere egin ditu hedabide ugaritan.
2014ko maiatzean, aldiz, Maria Servini epaileak deklarazioa hartu zien Juleni berari eta haren arreba Elisari, 36ko gerrako eta frankismoko krimenak ikertzeko Argentinan zabalik dagoen kereilari lotuta; izan ere, Kaltzada neba-arreben aita EAJko zinegotzia 1937ko abuztuaren 5ean fusilatu zuten Derion.
Kaltzadaren ingurukoek jakinarazi dutenez, zapatuan izango da haren aldeko hileta, Busturiko Axpe auzoko Andra Mari Elizan, 17:00etan. Eta ondoren, familia eta lagunek antolatutako ekitaldia egingo dute, hiladakoaren omenez, Axpe auzoan bertan.