Iñigo de Artietaren bisitagaz amaitu dira 692. urteurreneko ekimenak
Hiribilduaren urteurrena ospatzeko era askotako bisitak antolatu ditu udalak. Iñigo de Artietaren berri eman zuen zapatuan Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariakIñigo de Artieta herriko pertsonaia garrantzitsuaren bizitza eta bizipenak ezagutz...
Hiribilduaren urteurrena ospatzeko era askotako bisitak antolatu ditu udalak. Iñigo de Artietaren berri eman zuen zapatuan Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak
Iñigo de Artieta herriko pertsonaia garrantzitsuaren bizitza eta bizipenak ezagutzera emateko bisitagaz amaitu ziren zapatuan Lekeitioko Hiribilduaren 698. urteurren ospakizunak. Bisita hori komentuan hastea zen asmoa, baina Lekeitioko Dominiketako monja bat hil zela eta, Andra Mariaren Zeruratzea basilika izan zen geralekua.Urteurrena ospatu asmoz, era guztietako bisita gidatuak antolatu ditu Lekeitioko Udalak, udalerriko txoko batetik bestera, herritarrek euren ondarearen xehetasunak izan ditzaten. Urriaren 21ean hasi ziren bisitak Garraitz irlari buruzko azalpenekin, eta zapatuan izan zen azkena. Adan De Yarza familia eta udalerria inguratzen zuen harresia ezagutzeko aukera izan dute lekeitiarrek azken hilean, besteak beste.
Orokorrean bisitak jendetsuak izan dira, eta plaza mugatuak bete dituzte. Zapatuan ere bete egin ziren elizako aurreko parteko jarlekuak. Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak kontatu zituen Iñigo de Artieta (1475-1510) merkatari, almirante eta kortsarioaren bizipenak. Lekeitioko pertsonaia ezagunaren berri emateko Iñaki Madariagak egindako ikerketetan oinarritu zela zehaztu zuen. Izan ere, Madariaga izan omen da Artietaren bizitzan gehien sakondu duena.
Fededunak
Artietatarrak hiribildua sortu zenetik edo aurretik bizi omen ziren Lekeition. Merkatari familia aberatsa izan zen, itsasoari lotua. Eskribau, alkate, abokatu, merkatari, armadore eta marinelak izan ziren.
Merkataritzagaz irabaziak lortzea zuten lehen helburua, eta betirako bizitza lortzea bigarrena. Hala, Iñigo de Artietaren aitak, Nicolas de Artietak, kapera bat erosi zuen 1487. urtean, komentuan, betirako bizitza hori ziurtatzeko. Erretaula bat eraiki zuten kaperan, triptiko gotiko flamenko bat. Berau milioi bat eurogatik enkantean saldu zuten 2012. urtean.
Aitaren kapera beste anaia batek heredatu zuen, eta, beraz, beste kapera bat egitea erabaki zuen Iñigo de Artietak. Hala, elizako absidea bere kaperan eraikitzea lortu zuen. 1881ean, baina, erreformak egin zituzten Dominiketan, eta bertatik kanpora bidali zituzten Artietatarrak.
Lekeitioko elizan dago gaur egun hilobia. Bertan amaitu zen zapatuko bisita, eta hilobia Iñigo de Artietarena edo bere aitarena izan litekeen zalantza erakutsi zuen Juan Manuel Gonzalez Cembellinek, haren itxuragatik.
Horrez gain, Iñigo de Artieta hiribilduan bizi izan den Lekeitioko pertsonaia garrantzitsuena izan zela esan zuen. Armadore gisa, hainbat itsasontzi egin zituen, eta bere ontziak Errege Katolikoen aginduetara borrokatu zuten, armadako kapitain jenerala ere izan zelarik. Merkatari handia ere bazen, eta merkataritzan jardun zuen inguruko herrialdeetan ere. «Agian Lekeitioko gizonik aberatsena eta ospe handikoena zen garai hartan», aitatu zuen. Hori erakusteko hainbat pasadizo kontatu zituen, eta txalo zaparradagaz eskertu zioten entzuleek azalpenak.