Ohituraz betetako sanmartinak
Bermeoko Odoloste Txapelketa Mungiako Morga harategiak irabazi du. Foruan 'Granja Atxondoa' izeneko kazolak jaso du karakol txapelketaren sari nagusia.San Martin Eguna baserrietan txerria hiltzeko eguna zen garai batean. Gaur egun ohitura horrek indarr...
Bermeoko Odoloste Txapelketa Mungiako Morga harategiak irabazi du. Foruan ‘Granja Atxondoa’ izeneko kazolak jaso du karakol txapelketaren sari nagusia.
San Martin Eguna baserrietan txerria hiltzeko eguna zen garai batean. Gaur egun ohitura horrek indarra galdu badu ere, sanmartinak ohituraz betetako jaiak dira herri askotan, urtez urte hutsik egin barik errepikatzen direnak.Foruan, esaterako, ez dago San Martin jairik karakol txapelketarik barik; txapelketaren 38. aldia izan da aurtengoa, eta domekan egin zuten. Hamabi kazola aurkeztu zituzten, eta denen artean gozoena Granja Atxondo izeneko kazola izan zen epaimahaiaren arabera.
Forua bete egin zen domekan. Karakol txapelketaz gain, nekazal azoka ere egon zen. Horretan, baserritarrek zein artisauek produktuak erakusteko eta saltzeko aukera edukiko zuten. Abereen erakusketa ere egon zen umeen gozamenerako. Urdaibai dantza taldeko umeen ekitaldia eta umeen aizkolaritza ekitaldia ere egon ziren, beste hainbat gauzaren artean.
Saria Mungiara
Bermeon, ostera, buzkentza izaten da sanmartinetako protagonista nagusia. 16. urtez, Bermeoko Udalaren Odoloste Txapelketa lehiatu zuten domekan, eta, aurten ere, Mungiara joan da sari nagusia. Epaimahaiaren arabera, Morga harategiak aurkeztutako buzkentza izan da aurtengo gozoena. Loiuko harategiarentzat izan da bigarren saria, eta hirugarrena, berriz, Bermeoko Anaiak harategiak jaso du.
Urtero, gainera, txerrikia protagonista izaten den azoka jartzen dute Lameran, eta horren baitako erakusmahairik politenak ere saria jasotzen du. Aurten, Bermeoko Barturen harategiarentzat izan da saria.
Gernika-Lumon izen bereko ermitan batu ziren 100 bat pertsona domekan, erromeriagaz gozatzeko. Bertaratu zirenek otordutxoa egin zuten ermitaren inguruan. Sukarrietako Kanala auzoan, herri bazkaria egin zuten, eta Aulestiko Malats auzoan, kopauagaz gozatu zuten, trikitilariek girotuta. EreƱon, bestalde, indaba txapelketa egin zuten.