Domekan hasiko da Berriatuan Euskerean Eupadea! lehiaketa
17:30ean hasiko da lehenengo saioa, Mendibarren frontoian. Finala abenduaren 2an jokatuko da, Markina-Xemeinen. Gazteek euskaraz eta euskaragaz gozatzea nahi daEuskerean Eupadea! Lea-Artibai mailako lehiaketa domekan hasiko da, 17:30ean, Berriatuko Men...
17:30ean hasiko da lehenengo saioa, Mendibarren frontoian. Finala abenduaren 2an jokatuko da, Markina-Xemeinen. Gazteek euskaraz eta euskaragaz gozatzea nahi da
Euskerean Eupadea! Lea-Artibai mailako lehiaketa domekan hasiko da, 17:30ean, Berriatuko Mendibarren frontoian. 8 urtetik 16 urtera bitarteko 143 gaztek izena eman dute.Lehiaketa Herribixi kooperatibak antolatuta dago, eta parte hartzaile guztiekin 25 talde osatu dituzte. Euskara lantzeaz gain, eskualdeko ohiturak eta euskalkiak ere jorratuko dituzte lehiaketan, Lea-Artibaiko ondarea, geografia, historia eta istorioen ezagutza bultzatuz.
Lehiaketa Herri eta Bixi pertsonaiek aurkeztu eta gidatuko dute. Ekimena babestu dute baita ere Lea Ibarreko Mankomunazgoak, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak eta eskualdeko udalek; tokiko zenbait enpresa eta kooperatibek ere babesa eman diote lehiaketari.
Gazteek euskaraz eta euskaragaz gozatzeko antolatu dute lehiaketa, eta finalera heltzen diren lau taldeek lortuko dute saria.
Egutegia
Adinaren arabera, bi talde egongo dira: 8-11 urte bitartekoak eta 12-16 urte bitartekoak. Eta lehiaketa bi fasetan banatuta egongo da: finalaurrekoak eta finala. Hain zuzen ere, lehenengo finalaurrekoa da domekan Berriatuan jokatuko dena. Horrez gain, beste hiru finalaurreko jokatuko dira: hilaren 25ean, Aulestiko Udal Aretoan (18:00etan) eta 26an, Etxebarriko frontoian (12:00etan) eta Munitibarko Udal Aretoan (18:00etan). Egun bakoitzari egokitutako taldeak zeintzuk diren zozketa bidez aukeratu dituzte antolatzaileek, eta Herribixik lehiaketarako egindako webgunean argitaratuta daude (www.herribixi.eus/euskereaneupadea).
Finala abenduaren 2an izango da, Markina-Xemeingo Uni frontoian, 17:00etan.
Finalaurrekoetan mimika jolasa, taldekako show librea eta galderen jolasa egingo dituzte. «Show-ak gehienez ere hiru minutuko iraupena edukiko du».
Finaleko ariketak
Finalerako sailkatzen direnek taldea aurkezteko bideo bat egin beharko dute. Horrez gain, taldekako show bat ere egin beharko dute; eskualdeko pasarte bat antzeztu beharko dute. Zein da zein? jokoa ere egingo dute, eta azkenik, Potokumeak ariketan bertso ezagunen errimak asmatu beharko dituzte. «Berdinketarik balego, galderen jolasari helduko genioke berriz».
Antolatzaileek aurreratu dute saioaren amaieran eskualdeko sagar zuku naturala dastatzeko aukera egongo dela.
«Gazteak protagonistak bihurtuz, lehiaketa parte hartzaile bat sortu nahi da». Gazteak euren artean harremantzeko bideak sortzea ere espero dute.
Lea-Artibain gehien erabiltzen den hizkuntza euskara bada ere, gazteen artean erdaraz egiteko joera dagoela eta horregatik euskara sustatzen jarraitzeko beharra ikusten dutela esan dute antolatzaileek, «era dinamiko eta parte hartzaile batez euskararen alderik onena erakutsiz».