Atako Bandan 5.1 poema sinfoniko korala herriko altxorretako bat dela iritzita, bilduta eta gordeta lagatzeko asmoagaz egin dituzte CDa eta DVDa. Kantaize abesbatzak jarri du salgai 1973an Ondarroako ontzietan arrantzan ari zirela itotako bi arrantzaleren gertakizunean oinarritutako lana. Irkaitz, Idiakez, Zurrumurru, Garoa, Kurike eta Jun Etorrin dago salgai, musika eskolan bertan eta turismo bulegoaz gain. Esan dutenez 500 ale jarri dituzte salgai, bakoitza 10 eurotan.
2013ko azaroaren 16an Bide Onera zineman grabatutako emanaldia da. Bertan, 5.1 teknologia erabili zen emanaldia eskaini ahal izateko, eta hortik datorkio izena lanari. 85 lagun baino gehiago oholtzaratu ziren Peli Markuerkiagaren zuzendaritzapean, eta teknologiaren bidez beste hainbat lagunek ere parte hartu zuten emanaldian, Kirmen Uribek edo Kresala Kultur Elkarteko dantzariek esaterako. Emanaldiaren egunean Unanue Kamara Koralak eta Kantaize abesbatzak, Jasone Akizu, Jesus Mari Egaña eta Agurtza Zendoia txistulariak, Eugen Bidegain pianojolea, Jose Urrejola musikaria zuzenean aritu ziren. Horiez gain, Peio Aramaiok, Nagore Legarrak, Urtza Martijak, Ekain Martinek eta Manex Ortegak Kitolisen pasartea antzeztu zuten. Bakarlariak aldiz, Mertxe Laka (emakumea), Leire Gomez (itsasoa), Xabier Arizmendiarrieta (patroia), Jabier Rodrigez Urrutxe (jabea eta semea) eta Jesus Mari Badiola Ezkerti (semea) izan ziren.
Peli Markuerkiaga eta Asier Ituarte, Atako Bandan 5.1 CD eta DVDaren aurkezpenean.
Guztia gauzatu ahal izateko pare bat urte lehenago hasi ziren lanean, Peli Markuerkiaga eta Asier Ituarte proiektuaren arduradunek onartu bezala «materiala han eta hemen galduta» baitzegoen. «Puzzle bat osatzea bezalakoa izan zen Atako Bandan 5.1 egitea. Lehenengo pieza guztiak batu behar izan genituen, gero moldaketak egin genituen baldintzetara egokitzeko eta azkenik puzzlea osatu».
Atako Bandan 1976an jaio zen, «arrantza munduaren gordintasuna, langileen baldintza gogorrak eta itsaso errukigabea» gaitzat hartuta besteak beste. Baina istorioaren jatorria hiru urte lehenago sortu zen. 15 egunen barruan bi arrantzale hil ziren. “Batean, aita batek semea ikusi zuen itotzen eta bestean alderantziz, semak ikusi zuen aita itotzen. Baina heriotza horiek ez ziren gertatu itsaso zabalean, atako bandan baizik, portutik ateratzean”.
Bereziki aipatu nahi izan dituzte «70eko hamarkadan Atako Bandan eskaintzera herriz herri» joaten zirenak, «errepresioa handia zen garaian».
Gotzon Aulestiak jarri zion musika, Asier Ituarte musikariaren esanetan “Brasilen zegoela idazten zuen, eta partiturak egun asko beranduago iristen ziren Ondarroara”. Hitzak Xabier Leterenak dira eta koreografia berriz Jon Oñatibiarena. Hauez gain, Txomin Agirrek idatzitako Kresala eleberrian sortutako Kitolis pertsonaia, gero Kresaletan lanean Augustin Zubikaraik antzerkirako moldatu zuena ere sartu zuten; lanaren oinarria aita arrantzale batek bere semea itotzen ikusi izana zen, eta Kitolisen pasarteak ere gauza bera kontatzen zuen Kresaletan antzerkian.
Lan handia. Markuerkiagak eta Ituartek aitortu zutenez lan handia egin zuten lagun asko egon ziren orain Atako Bandan 5.1 egia izateko. Bereziki aipatu nahi izan zituzten «70eko hamarkadanAtako Bandan eskaintzera herriz herri» joaten zirenak, «errepresioa handia zen garaian». Aitortu dute beraiei esker lortu dela herriko altxorra gaur eguneraino iristea. Baina bereziki Imanol Oruemazagari eskaini nahi izan diote argitaratu berri den lana. «Denbora asko egon zen emanaldiarentzako lanean eta estreinaldia baino lehenxeago gaixotu zen. Berari eskainita doa lan hau».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.