Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna da
bihar [azaroak 25], eta herritarrak kalera aterako dira gaitz horren aurrean inoiz baino salaketa indartsuagoa egiteko.
[EGITARAUA IKUSI]
Urtero antolatzen dira egun honen inguruko ekintza,
elkarretaratze eta jarduerak, baina, zoritxarrez, indarkeria jasaten duten emakume kopurua areagotuz doa. Eta ez bakarrik eraildako emakumeena, isilean eta egunerokotasunean indarkeria matxistarekin lotutako beste hainbat eraso jasaten dituztenenak ere bai. Erasotuen gehiengoak ez dauka gizartean bere arazoa islatzeko aukerarik, eta sarritan ezta babesik ere.
Asko dira urteetan indarkeria matxistaren aurka borrokatzen ari direnak, eta are gehiago duela urte askotik ona isilpean eta askotan jazartuta aritu diren emakumeak.
Planak, proiektuak eta egitasmoak ere ugaritu dira, baina badirudi oraindik ez dela aurkitu, hemen, behintzat, erabat eraginkorra izan den batik. Gizartean errotuta dago matxismoa, eta hori aldatu ezean indarkeriak jarraitu egingo du. Asko hitz egiten da estatu mailako hitzarmen batez, baina arrazoi ezberdinak tarteko, ez dira gai egungo indarkeria uholdea gelditzen saiatzeko ados jartzeko.
[EGITARAUA IKUSI]
Eragileen borroka. Erakunde publikoek eskua hartu bitartean, herrietako eragileek eguneroko borrokan jarraitzen dute espazio guztietatik emakumeen aurkako indarkeria desagertarazteko.

Lekeition egindako Pleno Txikia.
Lanketa horietako bat egin dute
Ondarroan. Gizaki guztiek biolentziarik gabe bizitzeko daukaten eskubidea oinarri hartuta, emakumeenganakoa neurtzeko biolentziametroak jarri dituzte. Uxu emakumeen taldeak jarri ditu neurgailu horiek, Ondarroako Udaleko
Berdintasun Sailaren laguntzagaz. Ohikoak dira halako neurriak jaietan edo jende asko espero den ekitaldietan, baina, zoritxarrez, egunerokotasunean ere halakoak behar izatera aspaldi heldu zen gizartea.
[EGITARAUA IKUSI]
Termometro bat balitz bezala, hainbat indarkeria mota azaltzen dira bertan, eta eraso horiek jasanez gero, zer nolako erantzuna eman behar den agertzen da ondoan. Txantaia egin, gezurrak esan, zelatatu edo beldurtzetik hasi, eta jo, sexu erasoak egin edo bortxatzeraino doa biolentziametroa. Intentsitate gutxiko
indarkeria bezala ezagutzen diren kasu horietan «Kontuz!, hor dago biolentzia» dio biolentziametroak. Tamalez, ohikoak dira halako jokabideak, baina hori ere indarkeria da. Hurrengo urratsa gauza pertsonalak apurtzea, eskua sartzea, «jolasean» erasotzea, bultzatzea edo jotzea dira. Kasu horiek gertatuz gero, argi eta garbi azaltzen da biolentziametroa:
«Esnatu! Salatu eta laguntza eskatu». Eta indarkeria mota horiek gutxi ez balira badago oraindik are latzagorik ere; Isolatzea, giltzapetzea, mehatxatzea edo bortxatzea. Kasu horietan, «alde hortik. Zure bizia arriskuan dago» dio.

Ikasleak emakumeen aurkako indarkeria salatzen.
Baina biolentziametroaren gomendioak betetzea ez da soilik indarkeria matxista jasaten duten emakumeen ardura. Inguruan egon daitezkeen pertsonek ere
biktimari babesa adierazi eta erasotzailea salatu behar dute. Indarkeria ez
Gizartea arazo horretaz jabetzeko lanean ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiei arazoa ikustaraztea, eta jarrera onak zein diren erakustea. Horren harira,
Lekeition udalbatza berezia egin zuten herriko eskolako eta ikastolako 6. mailetako ikasleek atzo, udaletxean:
Pleno Txiki. Emakumeenganako indarkeria salatzeko manifestua irakurri, eta ondoren bozkatu egin zuten. Aho batez onartu zuten. Gero, ikasleek iritziak eta proposamenak luzatu zituzten, udal ordezkariak ere bertan zeudela.

Lekeitioko udaletxeko eskaileretan ikasleek egindako elkarretaratzea.
4.519. Aurten 4.519 emakume izan dira bikotekidearen edo bikotekide ohiaren genero indarkeriaren biktima, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Iazkoagaz alderatuta, biktima kopuruak gora egin du; iaz, 4.352 izan baitziren. Genero indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktima diren horien artean, 2.104 emakume Bizkaian daude, 1.045 Araban eta 1.370 Gipuzkoan.
Babesa. Segurtasun Sailaren arabera, gaur egun, genero indarkeriaren edota etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeek Ertzaintzaren nolabaiteko babesa daukate; hala nola, Ertzaintzaren larrialdiko telefono zerbitzua, bizkartzain pertsonala, eskumuturreko elektronikoa edota erasotzaileek biktimarekiko daukaten babes/urruntze agindua.