Ziortza-Bolibarrek kirol, kultur zein bestelako ekintzak egiteko esparru bat berreskuratu du. Sarea ipini berri, kantxa eta umeek jolasteko erabiltzen duten gunea banatuta geratu dira; eta, era horretara, umeak kantxan jokoan dabilen pilotarengandik babestu.
Pilota horrek sinbolikoki sarea zeharkatzea nahi lukete zestan aritutakoek; belaunaldi gazteak zestara erakartzea. Izan ere, Ziortza-Bolibar zesta-puntako 30 jokalari profesional edukitzera heldu da, kopuru esanguratsua 500 lagunera iristen ez den herri bat izanda. Filipinak, Brasil, Colonbia, Mexiko… Pilotariak munduko bazter guztiak ezagutzera ailegatu dira euren jardunari esker. «Herriaren enbaxadore izan dira», adierazi du Sergio Onaindia zestalari ohiak. Hura arduratu zen azaroko lehen asteburuan frontoi berrituaren inaugurazioaren harira zestalari haietako asko batzeaz.
Txikito Bolibarren irudi erraldoiak argi erakusten du zesta-punta jokalarien kantxa dela Ziortza-Bolibarkoa
Ane Arakistain herriko artistak margotutako horma beteko Txikito Bolibarren irudi erraldoiak argi erakusten du zesta-punta jokalarien kantxa dela Ziortza-Bolibarkoa. «Pilotari batzuk Ameriketan bizi dira; beste asko, hemen. Denak batu nituen frontoi berrituaren inauguraziorako, nahiz eta Jose Mari Bustindui bereziki gogoan hartu, herriko zestalariei egin genielako omenaldia, handia baita zesta-puntak herri honentzat eduki duen esangura», gogoratu du Onaindiak. Bide batez zesta-puntak herrian betetzen duen funtzioa ere apartekoa da haren ustez, «beste ezerk ez modura, denak batzen dituelako».

Ziortza-Bolibarko frontoia
Izen handiak. 20ko hamarkadan hasita, Ziortza-Bolibarrek bata bestearen atzetik izen handiko pilotariak eman ditu. Guztietatik, bakarra dago hilda. «Zesta-punta gure historiaren parte dela diogunean, ez gara hain aspaldiko kontuez ari. Oraintsu arte, Ziortza-Bolibar mundu osoan jokatu duten pilotarien sehaska izan da», nabarmendu du Onaindiak.
Denek daukate lekua Ziortza-Bolibarko frontoi berriztatuan. Zortzi metroko zabalera eta lau metroko altuera daukan Txikito Bolibarren irudia elementu deigarriena izanda ere, ez dira inogaz ahaztu. Guztien ibilbideak jasota geratu dira, Sergio Onaindiaren ekimenez eta Ziortza-Bolibarko Udalaren oniritziagaz. «Zesta-punta pasioz bizi dut, eta ikusten dut oraintxe dabilela jendea zestarako gogoagaz. Gogo hori behar den lekutik bultzatuko balitz pixka bat….», dio pilotari ohiak.
Ikasteko aproposa. Zesta-punta indarra hartzen dabilela esan du Sergio Onaindiak, eta Ziortza-Bolibarko frontoia ikasteko aproposa dela nabarmendu du. Bat dator Markina-Xemeingo zesta eskolako arduradun Santi Olabe ere. Aspaldiko ume gehien dabiltza Markina-Xemeingo zesta eskolan; ordu guztiak hartuta daude; eta makina bat bider gomendatu die gazteei Ziortza-Bolibarrera joateko. «8tik 11 urtera arteko umeei esaten diet pilota trinkoagaz ibiltzeko Ziortza-Bolibarkoa dela inguruotako frontoirik onena, zarratuta eta txikia delako, horrek zestan ikasteko ematen dituen aukerekin», esan du. Izan ere, Markina-Xemeingo frontoiak 54 metro dauzka, eta 14 koadro. Ziortza-Bolibarkoak, ostera, 8 koadro dauzka, eta 36 metrora ez da helduko. Arrazoi horregatik, Ziortza-Bolibarko frontoia errebotean ibiltzeko ezin hobea dela dio. Onaindiak ere balio bera ematen dio. Kantxa hutsik ikusten du, ostera. «Ziortza-Bolibarren, zesta-pilotan jokatzen duten ume bi baino ez daude; eta horietatik bakarra da zesta eskolan dabilena. Lehen frontoia umez beteta egoten zen; eta orain ez duzu inor zesta bategaz ikusten. Tristea litzateke horrenbeste zesta-punta jokalari profesional eman dituen herri bat jokalari barik geratzea, baina horretxetara goaz. Galtzen dena ez da berriro berreskuratzen; herrian zesta-puntako pilotariak egon daitezen indarra egiten ez bada, umeen artean zesta-punta bultzatzen ez bada, zesta-punta betiko galduko da gurean; eta horrek gure historiaren zati garrantzitsu bati amaiera ematea esan nahiko luke», adierazi du.
Zesta-puntako profesional ohiak laguntzeko prest ageri dira. Beste alde batetik, Markina-Xemeinegaz batera elkarlana egitea da onena, Onaindiaren ustez, eta, horretarako, herri bien artean adostasunak lortzea.

ZIORTZA-BOLIBARKO FRONTOIAREN INAUGURAZIOKO OMENDUAK