Zorion bila
Homosexualitatea, heterosexualitatea, bisexualitatea, transexualitatea. Sexualitateak zeresan asko eman du historian zehar. Erlijioak eragin handia izan zuen bere sasoian. Gaur egun, beste indar batzuek Elizak defendatzen dituen ideien kontrakoak defen...
Askok sexuan jartzen dute zoriontasuna. Beste batzuek droga desberdinetan jartzen dute zorionaren itxaropena. Betidanik, gizakia zoriontasunaren bila ibili da.Teori asko daude gai honen inguruan. Ezaguna da Epikuro filosofo greziaren teoria. Hark zoriontasunaren sekretua moderazioan zegoela defendatzen zuen. Baina materia guztien gainetik, materiagabeko gizaterian jartzen zuen zorionaren lekua. Beste batzuek eguneroko ekintzetan, hau da, egunero eta une bakoitzean egiten ditugun egintzetan jartzen dute zoriontasunaren oinarria, iturburua. Askotan, eta normala da, lorpen batzuetan, helburu batzuetan jartzen dugu gure zoriona. Eta lortu ondoren, beharbada, hobeto sentituko gara, baina horrek bakarrik, azken batean, ez digu zoriona emango. Lorpen bakar batek nahi besteko garrantzia izan arren berez, ez digu asetuko gure gose eta bizitzako egarrietan.
Gaur egun, kontsumismoan jartzen dute zorionaren oinarria. Ez dira falta alderantzizko bizitza jarraitu dutenak. Hau da, materialtasunari uko egin diotenak eta ahal duten kontsumo txikienekin bizi direnak. Erlijio talde askoren fundatzaile edo sortzaileen helburua hori izan zen. Bide bat edo bestea hartu, denek zuten helburu bera: zorintasuna lortzea.
Gure egunetan, materiari uko egitearen bidea ez dago modan. Erlijio bide horren bidea ia ez da ezagutzen. Alde horretan ez dute usten zorionik izan daitekeenik. Horregatik, monastegiak eta kon- bentuak erdi utzik daude. Bide hori hartu zutenek ere zorionaren bila hartu zuten. Bide desberdina, baina helburu berdinakin. Denok nahi dugu zoriontsu izan.
Garai hauetan, zoriona beste bide oso desberdinetan aurkitzeko asmotan dago jarria. Bide horien artean, sexuak eta drogak, era desberdinetan, parte handia dute gaur egun. Sexu munduan, homosexualitateak eta transexualitateak protagonismo handia hartzen ari dira. Homosexualitatea ez da hain berria. Historian gehiago edo gutxiago ezaguna izan da, eta beti hitz egin da berari buruz. Transexualitatea, berriz, askorentzat nahikoa berria da, eta bere izatea hau da: gorputzez sexu batekoa izan eta mentalitatez bestekoa, kontrakoa. Beste modu batera esanda: gizonezko gorputza eduki eta emakumea sentitu, edo emakumezko gorputza eduki eta bere burua gizona legez sentitu. Ez daude ados bere gorputzaren sexuaz. Zoriona aurkitu nahian, beste askok droga mundura jotzen dute. Zorionaren ordez, zorigaitza aurkitzen dute. Gehiago edo gutxiago, bere bizitzari kalte handia egiten diote, eta askotan bere ingurukoei ere. Hor dabiltza gazte talde asko bere txokoetan orduak pasatzen gurasoen kontrolik gabe. Kasu konkretu baten, gazte ezagun batek esaten zigun nahikoa helduak zirela, eta ez zutela inolako kontrolik behar. Hori esaten zigunak ez zuen ondo bukatu, eta gaur egun, zoritxarrez, gaixorik dago drogak harrapatuta. Ez da kasu bakarra. Garbi dago, egoera batzuek ez dutela batere laguntzen, eta tentazioa hor dago.
Gaur egun, gazteak eta ez gazteak inoiz baino aukera gehiago dute bere ordu libretan denbora pasatzeko. Herri gehienetan kiroldegiak eta liburutegiak dagoz, eta inon ez da falta pilotaleku bat. Sasoi baten pilotalekuak ume eta haurrez beterik egoten ziren. Gaur egun, hutsik edo erdi hutsik ikusten dira. Horrez gain, nahi besteko pasealekuak eta mendi bazter eder baino ederragoak ditugu. Lurralde pribi- legiatu batean bizi gara. Honelako aukerarik ez dauzkate beste lurralde askotan. Hau dena gutxi balitz, gure etxeetako baldintzak ere askoz hobeak, egokiagoak dira, orain urte batzuetako baldintzekin alderatuz. Beharrezkoak dira gazte-txokoak? Ez dagoz beste toki egokiagoak eta arrisku gutxiago dutenak beraien osasun fisiko eta mentalentzat? Garbi dago,egon badagozela, inoiz baino ugariago.
Baina zorion bila horrek bide barriak ezagutzera eramaten ditu gazteak, eta askotan, zorigaitza besterik ez dute aurkitzen. Zorionez, ez dira gehienak, baina nahi genukeen baino gehiago dira bere bizitza eta ondoan duten familikoek arazo larrietara eramaten dituztenak. Zorion osoa, betea ez da existitzen, baina askotan aukeratzen diren bide batzuk kontrako norabidera eramaten dituzte.