Bizi kalitate osasuntsua dutenek zahartzaro aktiboa izatea da Herri Lagunkoiak proiektuaren oinarri nagusienetakoa. Pertsona nagusiak protagonista bihurtuz, eurek eurentzat gura dutena zehazteko ekimen garrantzitsua da, eta Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan martxan dago proiektua.
Munduko Osasun Erakundeak (OMS) Herri Lagunkoia izateko beharrizan batzuk markatu zituen. Protokoloa egin zuten, metodologia eta jardun bat zehaztuz, eta hortik abiatuta sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Herri Adeitsuak Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lagunkoia proiektuak. “Oinarrian OMSek zahartze aktiboari buruz egindako proiektua dago”, adierazi du Arritxu Zelaia teknikariak. Eta oinarri horiek jasotzen dituen Dublingo Adierazpena onartu dute dagoeneko Amoroton, Aulestin, Gizaburuagan, Mendexan eta Munitibarren.

Zelaiak aholkulari, teknikari eta dinamizatzaile lanetan dihardu. Ean proiektua egin zuenetariko bat da, eta haren esperientzia baliagarria izango zelakoan Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoak eskatuta ari da pertsona nagusiekin lanean. Hain zuzen, Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoak jubilatuen eskariak haintzat hartuta abiatu du proiektua. Gaur gaurkoz, herriz herri diagnostikoa egiten ari dira, eta urte amaierarako edo urtarrilerako ondorioak prest izatea da haien asmoa.
Proiekturako egitura. Lea Ibarreko talde eragilea sortu dute bost herrietako ordezkariekin, horietako asko jubilatuen elkarteetako kideak dira. Horiek herrietarako proiektua bideratzeaz arduratu dira. “Motore lana bete du talde honek, eta gero herrietara joan gara”.

Herriz herri deialdi zabalak egin, eta parte hartze taldeak osatu dituzte. Guztira, 113 pertsonak parte hartu dute; erantzun zabalena
Aulestin izan dute:
42 pertsona.
Parte hartze taldeetan, batetik, inkesta batzuk pasatu dituzte, eta bestetik zortzi alderdi aztertu dituzte: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasunekoak.
Zelaiak azaldu duenez, horietan ateratako gauza batzuk herri mailakoak dira, eta beste batzuk, ostera, eskualde mailakoak.
Lea Ibarran biztanleria osoaren
%22,29 dira adineko biztanleak, eta horien barruan
%23k parte hartu du. Parte hartze taldeetan egon direnen batezbesteko adina 72 urtekoa izan da, eta parte hartu duen pertsona zaharrenak 92 urte ditu.
Oro har gustura daudela azaldu diete. Hala, metodologia apur bat egokitu egin behar izan dute, metodologian gauza asko herri handiei begira daudelako: “Gauza batzuk herri txikietara egokitu behar dira, ez da berdina herri handietan dauden komunikazio edo garraio kontuak edo herri txiki baten daudenak. Edo, adibidez baserri inguruan basurdeek edo bestelakoek sortzen dizkieten kalteek garrantzia handiagoa dute, eta herri handiago batean gai hori ez da agertu ere egingo”.

Halaber, profesionalekin, zaintzaileekin, menpekotasun egoeran dauden edadetuen zaintzaileekin, gizarte langileekin… osatutako beste talde parte hartzaile bat egingo dute abenduan. “Diagnostikoaren prozesua bukatzeko falta da talde hori biltzea”.
Inkestetan hainbat datu eman dituzte: hileko diru sarrerak, euren osasun egoera zelakoa den uste duten, talderen baten parte hartzen duten, bakarrik bizi diren, etxebizitza eurena den, gizarte laguntzarik behar duten… Halaber, talde parte hartzaileetan egunerokotasuneko gaiei buruko euren iritzia batu dute.
Parte hartu dutenak gustura egon dira, eta orokorrean gustura bizi direla adierazi diete: “Osasuna duten heinean, lehen sasoi baten baino gusturago bizi direla diote”. Hala ere, zer hobetuak denak ikusten dituzte, esate baterako, garraioan edo urgentziako farmazietan.
Ahalduntzea lortzeko. Prozesu honen helburua diagnostiko bat egitea da, eta hori da orain egiten ari diren: “euren egoera zein den jakitea konkretuki, eta euren berbetatik jakitea”. Beraz, edadetuak eurak protagonista bihurtzea ere bada helburu nagusienetako bat.
Diagnostikoa bukatu eta ondorioak aztertu ostean, plangintza bat zehaztuko dute. Eta plangintza horretan ere eurek erabakiko dute diagnostiko horretan ateratako gauzekin zer egin, zelan jokatu eta zelan konpondu behar diren. “Eurak enpoderatzea, aktibo bihurtzea da helburu nagusiena. Argazkia ateratzearena, egoeraren diagnostikoa ateratzearena inkestekin eta talde parte hartzaileekin lortzen da baina uste dugu garrantzitsuena dela hor ateratzen diren gauzei zelan erantzun, zelan eman buelta edo zer egin eurak erabakitzea eta eurak egitea”.