Abendua musikatzera
MRK gaua izango da ekitaldirik bereziena aurten ere. Mutrikuko Lau Mono taldea oholtzara igoko da berriz ere. Institutukoek Xabi Solanorekin solasean aritzeko aukera edukiko duteAbendua musikatzera dator aurten ere Mutrikura Abendurock. Hamahirugarren ...
MRK gaua izango da ekitaldirik bereziena aurten ere. Mutrikuko Lau Mono taldea oholtzara igoko da berriz ere. Institutukoek Xabi Solanorekin solasean aritzeko aukera edukiko dute
Abendua musikatzera dator aurten ere Mutrikura Abendurock. Hamahirugarren aldiz ospatuko dute Mutriku Rock Kolektiboak antolatutako jaialdia, eta lehen geralekua barikuan edukiko dute. 22:30ean Gaztetxean hasiko den Mocker’s eta The Van taldeen kontzertuek emango diote hasiera urteroko hitzordu garrantzitsuari.Aurten ere estilo desberdinetako taldeak igoko dira Mutrikuko Gaztetxeko oholtzara. Kontzertu guztiak Gaztetxean eskainiko dituzte, eta denak izango dira doakoak. Egunik bereziena MRK Gaua izango da.
Urtero bezala, San Tomas ospatzen den zapatuan herriko taldeak izango dira protagonistak. Beste alde batetik, Lau Mono taldearen itzulera ere azpimarratzekoa dela esan dute antolatzaileek. Urteak geldirik egon eta gero, beraiek izango dira Abendurock jaialdiari amaiera emango dietenak.
Iaz hasitako bideari jarraituta, institutuko ikasleengana ere hurbilduko da Abendurock. 2016an Galder Arrillaga Su ta Gar taldeko bateria-jotzailearen bisita jaso zuten bezala, aurten, besteak beste, Esne Beltza taldeko Xabi Solanoren hitzak entzuteko aukera edukiko dute; solasaldi musikatua eskainiko du hernaniarrak.
MRK Ate Irikixak
Aurtengo berrikuntzetako bat MRK Ate Irikixak ekimena izango da. Agertoki batera igotzeko gogoa eduki, baina horretarako aukera gutxi daukaten musikari gazteei zuzendutako ekintza da. Zapatu honetan 11:00etan egingo dute topaketa Gaztetxean. Bertan, MRK-ko kide batzuk egongo dira, eta kolektiboaren funtzionamendua eta entsegu gelak ezagutzeaz gain, Gaztetxeko oholtzak jarriko dituzten bateria, gitarra eta baxua jotzeko aukera eskainiko diete bertaratuei.
Azken urteetan egin bezala, dokumental bat ere sartu dute antolatzaileek Abendurockeko egitarauan: «Aurten, gainera, kafe tertulia ere egongo da», adierazi dute. Hilaren 10ean 19:00etan Emakumeak Oholtzara dokumentala ikusi ahalko da Gaztetxean, eta ondoren egingo dute kafe tertulia. Gonbidapena zabaldu dute MRK-ko kideek, baina bereziki emakumeak animatu nahi dituzte parte hartzera, dokumentalaren gaiak «zeresana» ematen duela iritzita.
Aurtengo Abendurock duela hilabete batzuk zendu zen Mutriku Rock Kolektiboko kide eta bateria-jotzaile Mikel Urrutiari eskaini nahi izan dio antolakuntzak: «Segi Mikel baketak astintzen!».