ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, mobilizazio asteak egiten ari dira sektoreka hilabetea hasi zenetik. Aste honetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen txanda da. Hala, Lea-Artibain eta Mutrikun eskola publikoetako langile asko eta askok bat egingo dute biharko [azaroak 30] grebagaz.
Astean ikastetxeetan hainbat ekimen egin eta egingo dituztela azaldu dute sindikatuetako ordezkariek: ikastetxeak aldarrikapenez bete, eskakizunak kalera atera jendarteagaz elkarbanatzeko, kalejirak eta elkarretaratzeak, besteak beste.
Biharkoan [azaroak 30], baina, greba eguna dute, eta
Bilbon, Gasteizen eta Donostian manifestazioak egingo dituzte.
Ispasterren asteon egindako mobilizazioa. Argazkia: Ispasterko Eskola.
Lea-Artibain, esate baterako, Munitibarko, Ispasterko, Berriatuko eta Aulestiko eskoletan irakasle denek bat egin dute greba deialdiagaz, Lekeitioko Eskola Publikoan %99ak, Markina-Xemeingo Bekobenta Eskola Publikoan irakasleen %92,2ak, Markina BHIko irakasleetako batzuk eta Ondarroako Zaldupe eskolan eta Ondarroako BHIn irakasle gehienek bat egingo dute grebagaz.
Mutrikun, berriz, Goizeko Izarran, irakasle gehienek greba egitea erabaki dute.
Gutxieneko zerbitzuak, hala eta guztiz ere, bermatuta egongo dira eskola guztietan.
Orain arte, Haur Hezkuntzako irakasleek eta langileek, garbitzaileek eta sukaldeko langileek egin dituzte mobilizazioak.
Buelta eman. Sindikatuen ustez, «ezinbestekoa» da Eusko
Jaurlaritza azken urteetan «inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea». Hala, horrek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan «sufritzen ari diren egoerari buelta eman» behar zaiola uste dute. Diotenez, orain arte Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu. Horregatik, ikasturte honetan ere, «mobilizazio dinamika mantentzea» beste biderik ez dute ikusten.
Biharko grebagaz gain, abenduaren 12an, beste sektore guztiekin batera grebara joango dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko bost sindikatu nagusiek greba egingo dute.
Irtenbiderako eskatzen dituzten neurriak:
- Egun, BPGren %3,5ekoa den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea, gutxienez, Europar Batasuneko bataz bestekoa ezarriz eta progresiboki Unescok gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
- Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan kargen handitzeari eta ikastetxeen beharrizanei aurre egiteko langile taldea, gutxienez, 1.800 langiletan handitu.
- Egun %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
- Ikasle ratioak %10 murriztea.
- Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea.
- Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.
- Gaixoaldiak zigortzeari utzi, eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
- Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
- Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
- LOMCE Euskal Herriko ikastetxeetatik ateratzea eta horren moldaketa den Heziberri bertan behera uztea.
- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin.
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
- Balizko Hezkuntza legearen aurrean, sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarren parte hartzea eta iritzia kontuan edukitzea.