370 pertsona elkartuko dira Amorotoko zapatuko txahal janean
Amorotar askorentzat urteroko hitzordu berezienetako bat da txahal jana. Txahala dastatzeko aitzakiagaz, egun pasa ederra egiteko aukera edukitzen dute urterik urte.Zapatu honetarako ere goizetik gauera arte ondo pasatzeko egitaraua prestatu dute. Egun...
Zapatu honetarako ere goizetik gauera arte ondo pasatzeko egitaraua prestatu dute. Egun osoan erreko dute Serafina txahala, eta 20:30etik aurrera jango dute.
Afaritan jendetza batuko da. Izan ere, 370 txartel saldu dituztela jakitera eman dute. Aurretik, baina, familian zein lagun artean bilduta jai giroaz gozatzeko aukera egongo da.
Eguerdian, taloak, gaztaina erreak eta karakolak prestatuko dituzte, besteren artean. Hain zuzen, elikagai gozoak dastagai egon ez ezik, janarien erakusketa ere jarriko dute.
Abereen feria
Horregaz batera, ohiturari hutsik egin barik, herriko baserritar eta abeltzainek abereak eroango dituzte. Hala, besteak beste, zaldiak, ardiak, ahuntzak edota untxiak egongo dira.
Bertoko produktuen azoka eta abereen feria girotzeaz Izarra eta Naiara trikitilariak arduratuko dira.
Era berean, gauean ere musikarik ez da faltako. Txahal janean tripak bapo bete ondoren, Jokaldi taldearen erromeria izango da frontoian. Beraz, dantzan eta kantuan borobilduko dute eguna amorotarrek.