Badira esateko hainbat molde
Erronka onartu eta erantzun egin diote Euskal Herriko hainbat lagun eta kuadrillek Labayru Fundazioak eta Gaztea irratiak elkarlanean antolatu duten euskal esamoldeen lehiaketari.Baldatxora barik, Europara joango da Azkoitiko Txalintxo tabernako kuadri...
Erronka onartu eta erantzun egin diote Euskal Herriko hainbat lagun eta kuadrillek Labayru Fundazioak eta Gaztea irratiak elkarlanean antolatu duten euskal esamoldeen lehiaketari.
Baldatxora barik, Europara joango da Azkoitiko Txalintxo tabernako kuadrilla. Baldatxoa bialdu, erre eginda egon eta jako haut palikin esamoldeak biltzen dituen bideoak irabazi du #botaba euskal esamoldeen erronka, eta sari nagusia hartu dute: lau lagunentzako bidaia Europako hiribururen batera.Abenduaren 6an egingo dute sari banaketa, 18.00etan, Durangoko Azokako areto nagusian. Sari nagusia eta lehiaketako aste bakoitzeko saria ere emango dituzte bertan. Sari nagusia ez ezik, lehen asteko saria ere hartuko dute Txalintxokoek. Parrandagaz lotutako esamoldeekin bidalitako bideoa boto gehi- en zituzten bost lanen artean zegoen, eta hura saritzea erabaki zuen epaimahaiak.
Bigarren asteko saria Txiletik bidalitako bideoari eman zion epaimahaiak. Hirugarren asterako gai librea proposatu zuten antolatzaileek, eta bere burua Gasteizko mafia bezala definitu zuen lagun taldearen lana saritu dute. Denek ere, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren baitan egingo duten ekitaldian hartuko dute saria.
Labayru Fundazioak antolatu du lehiaketa, Gaztea irratiagaz elkarlanean. Lehiaketaren arduradun Ziortza Egurenek azaldu duenez, orain pare bat urte sortu zen ideia, hiztegi fraseologikoa sareratu zutenean. «Euskal esamoldeen errepertorio zabala batuta dago hiztegian, eta horri bestelako bultzada bat emateko gogoa eduki genuen, esamoldeak gizarteratzeko asmoagaz», esan du. Sare sozialak baliatuta, hiztunek darabiltzaten esamoldeak edo unean-unean sortzen dituzten esamoldeei lekua eman nahi izan die Labayruk, zabaldu eta hiztegirako batu.
Balorazioa ona
Lehenengo lehiaketa joan da, eta balorazio ona egin dute antolatzaileek. «Lehenengoa dela kontuan edukita, eta gazteengana heltzea nahikoa zaila dela jakinda, lehiaketaren balorazioa nahikoa positiboa dela esan dezakegu. Azkenean, Euskal Herriko leku ezberdinetatik heldu zaizkigu bideoak. Jendea animatu da, eta gustua hartu diote, hainbatek bideo bat baino gehiago aurkeztu dituzte eta».
Ohikoak ez diren esamoldeak biltzeko ere baliatu dute lehiaketa. «Azkoitia edo Urduliz aldeko hainbat bideo heldu zaizkigu, eta hango parte hartzaileek hainbat esaera bidali dituzte, berezkoak, han esaten dituztenak». Horrek hiztegia aberasteko balio diela esan du erronkaren arduradunak, eta erabilga- rriak ere badirela azpimarratu du, kaleko hizkeran edonork erabiltzeko modukoak.
Azaroaren 8tik 29ra bitartean egin dute lehiaketa, eta Aritz Aduriz, Zuriñe Hidalgo eta Alex Sarduiren eskutik heldu zen kanpainaurrea.
Jolasean, gozatuz
Euskal esamoldeen erronkak iraun duen asteetan dozenaka bideo bildu dituzte Instagramen, eta bideo biral bilakatu dira batzuk. Sari nagusia irabazi duen bideoak, kasurako, 1.200 ikustaldi eduki ditu. «Erabili ez arren ere, esamolde horiek ezagunak izango dira, eta jendeak ikusiko du euskaraz esakune asko daudela erregistro kolokial batean berba egiteko. Euskaragaz gozatuz, jolasean eta sormena landuz, herritarrek hainbat esamolde bereganatu dituzte lehiaketari esker».