Primerako sanandresak
Eguenetik jaietan murgilduta ibili dira etxebarritarrak. Urtero bezala, San Andres jaiak ospatu dituzte ume, gazte eta nagusiek giro onean. San Andres egunak elkartu ditu herritar gehien.Aurten ere, etxebarritarrek ez diete hutsik egin nahi izan San An...
Eguenetik jaietan murgilduta ibili dira etxebarritarrak. Urtero bezala, San Andres jaiak ospatu dituzte ume, gazte eta nagusiek giro onean. San Andres egunak elkartu ditu herritar gehien.
Aurten ere, etxebarritarrek ez diete hutsik egin nahi izan San Andres jaiei. Askorentzat herriko jai kuttunenak izanik, ez hotza ez eta elurra ere ez dira izan aitzakia jaiekin ez gozatzeko. Beste behin ere, adin guztietako herritarrak, ume, gazte eta nagusi batu ditu ospakizunak, eta lagunarteko giro ona izan dute nagusi.Frontoia izan da, batez ere, jaietako topalekua; bertan hasi zituzten jaiak San Andres egunez. Ume eta gazteak buztinagaz jolasean jardun zuten goizean Rosa Etxabe herriko artistaren laguntzagaz, eta egurrezko jolasekin jostatu zuten arratsaldean. Ilusio handia eragin zuen gaztetxoen artean bai eta ere, San Andres Kartelen Lehiaketaren sari banaketak. Olatz Gomez (0-5 urte), Nora Gomez (6-9 urte), Uxue Markiegi (10-16 urte) eta Semiramis Zangitu izan ziren garaileak; hala ere, parte hartzaile guztientzat egon zen oparia, eta irribarrez hartu zuten ume zein nagusiek.
Jaietako kartel lehiaketaren sari banaketaren ostean banatu zituzten baita herritarren briska txapelketako garaikurrak ere. Gazte mailako bost bikotek eta nagusien mailako 11k parte hartu zuten txapelketan. Gazte mailako irabazleak Jokin eta Sarai izan ziren, eta nagusien mailakoak, Rubio eta Alex.
Afaria
Azaroaren azken eguna txerri-jana egiteko garai aproposa dela ondo dakite Etxebarrian, eta urte askotako ohitura horrek onespen handia dauka ume zein nagusien artean. Mahai luzeak prestatzen dituzte frontoian, eta jaki goxoez betetzen dituzte afaltzeko. Oraingoan 50 kilo odoloste, 40 kilo txorizo, 45 kilo hirugihar, 30 kilo gaztaina eta 12 kilo gazta egosi, frijitu, txikitu eta banatu dituzte herritarren sabelak ase nahian.
Gutizia horiek guztiak laguntzeko, gainera, taloa izaten dute. Iaz 500 talo prestatu zituztela gogoan zuten talo eginean ari zen herriko emakume taldeak; aurten, berriz, ez dituzte zenbatu, baina denentzako egoteko lanean jardun zuten arratsalde osoan.
Txerrikiak frijitu eta banatzeaz, berriz, herriko guraso elkartekoak arduratu ziren, eta ume eta gazteei banatu zieten lehenbizi jana. 20:00etatik aurrera hasi ziren hurreratzen, apurka-apurka, nagusiagoak, herriko afarian parte hartzera.
Egueneko mahai luzeek pilotariei utzi zieten lekua barikuan. Esku pilota partidak lehenengo eta zesta-puntakoak jokatu ziren ondoren. Hiru partida egon ziren bakoitzeko.
Jaietako azken egunean ere kirola izan zen protagonista. Amets Txurruka Lagunartiek antolatuta, ume eta gazteentzako mendi bizikleta zirkuitua egon zen Errekarte etxe taldearen inguruan zehar. Lehenengo 4 eta 6 urte arteko bederatzi txirrindulari ibili ziren zirkuituan bueltaka, eta 7 eta 8 urteetako beste zortzi, eta azkenik, 10 eta 13 urte arteko zortzi txirrindulari. Basaz betetako landan zehar gogor ibili ziren txirrindulariak. Bi, lau eta sei buelta eman zituzten.
Horrez gain, DH ikuskizuna ere eskaini zuten adituek mendi bizikletekin. Mendian behera eta eskaileratan behera jauziak eginez harrituta utzi zituzten ikusleak.