Bertsolaritzaren plaza bihurtuko da aurten ere Uni pilotalekua
Bertsolaritzagaz hitzordu berezia daukate aurten ere Markina-Xemeinen. Amaiur Kultur Elkarteak antolatuta, Kontzezioko Bertso Jaialdia ospatuko da bihar, udalerriko frontoi nagusian. Urtero bezala, izen handiko sei bertsolari igoko dira kantxa erdian p...
Bertsolari txapelketaren atarian dator aurten Markina-Xemeingo jaialdia, eta sei bertsolarien artean finalista bat eta 2013ko txapelduna egongo dira: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Horiez gain, finalaurrekoetaraino ailegatu den Miren Amuriza ere aterako da Markina-Xemeinen batuko diren bertsozaleen aurrera.
Horiekin batera, bi txapeldun handik kantatuko dute: 1982ko Txapelketa Nagusian finalista, 1986koan txapeldun, eta 1989 eta 1997koan txapeldunorde izan zen Sebastian Lizasok eta lau txapelketetan jarraian (1993-1997-2001 eta 2005) Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan zen Andoni Egañak.
Unai Iturriagak osatuko du seikotea. Durangarra sei bider izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista, eta 2005ean txapeldunorde gelditu zen, Andoni Egañaren atzetik.
Bestalde, bertsolari handi horiei guztiei zukua ateratzeko arduraduna Xabi Paia izango da.
Frontoiko leihatilan
Bertsolaritzaren plaza handia izaten da Markina-Xemeingoa, eta urtero betetzen dira bai kantxako jarlekuak bai eta harmailak ere. Aurtengo jaialdira joan nahi dutenek 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak udal pilotalekuko leihatilan bertan, jaialdia hasi aurretik. Bertso saioa 17:30ean hasiko da.