Zapatu arratsaldean txupina jaurti, eta jai giroan murgilduko dira Ziortza-Bolibarko bizilagunak. Hiru egunetan San Tomas jaiak goi-goitik ospatzeko astia hartuko dute.

Herritarrak iazko baserritarren kalejiran.
Argazkia: Iratxe Lariz.
Zapatuan, txupinazoaren ostean, baserritarren kalejira egingo dute, eta jai batzordetik
baserritarrez janztera animatu dituzte herritarrak. Basajaun taldearen erromeriak alaituko du gaua, baina aurretik herri afarian elkartuko dira.
Hain zuzen, Gabon sasoi honetan oehikoa izaten den menua izango dute dastagai: berakatz sopa (bere urdai eta arrautzarekin), gazta, irasagarra, gaztainak, intxaurrak, kafea eta kopa.
Domeka jubilatuen eta umeen eguna izango da, eta horien gozamenerako ekintzak prestatu dituzte. Hala, ume, gazte zein nagusiek irrintziak botatzen edota txapela jaurtitzen daukaten abilezia erakusteko tartea izango dute eguerdian. Ondoren, Ikestei jatetxean mahaiaren bueltan batuko dira herriko jubilatu eta pentsiodunak.
Arratsaldean, berriz, ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukera izango dute tailerretan eta ludotekan.
Bestalde, eguenerako ere egun osoko egitaraua prestatu dute. Ohitura legez, salda beroa, kopaua eta taloak ez dira faltako San Tomas eguna tradizioari eutsiz ospatzeko.
- ABENDUAK 16 (ZAPATUA)
- 19:00. Txupinazoa.
- 19:30. Baserritarren kalejira.
- 20:30. Herri afaria.
- Ondoren. Erromeria Basajaun taldearekin.
- ABENDUAK 17 (DOMEKA)
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:30. Meza nagusia.
- 13:15. Irrintzi saioa eta Txapel jaurtiketa jokoa.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria, Ikestei jatetxean.
- Arratsaldean. Umeen jaia. Kareta eta paperezko loreen tailerra txikientzat, eta ludoteka mitologiko puzgarria nagusientzat.
- Jarraian. Txokolatada.
ABENDUAK 21/SAN TOMAS EGUNA (EGUENA)
- 11:30. Txistularien kalejira.
- 12:00. Meza nagusia.
- Ondoren. Salda beroa kopauarekin, Arkupe tabernan.
- 17:00. Talo jana herritar guztientzat.