Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) prestatzen hasi da Mendexako Udala, eta
aurrerakina onartu berri dute. Horretan, Karraspion aparkalekua egiteko proiektua sartu dute.
EH Bilduk kontrako jarrera berretsi, eta hainbat iradokizun aurkeztu zituen. Azaroko osoko bilkuran ez zituzten onartu, eta, orain,
iradokizunak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du udalean.
Jesus Mari Anakabe Mendexako alkateak azaldu duenez,
parte hartze saioak egin dituzte bizilagunekin, eta aurrerantzean ere, beste pare bat saio egingo dituzte. “Orain artekoa nahikoa orokorra izan da, ez da proiektua zehaztu.
Herriak nora joan nahi duen eta ze beharrizan ikusten dituen galdetu eta aztertu dugu”. Horretarako, lehenengo aurkezpena egin eta gero, parte hartzeko bi saio egin zituzten. Batzar horietan aparkalekuaren aldeko eta kontrako iritziak atera zirela dio Anakabek. Hala, Karraspiokoagaz batera, herrigunean aparkalekua egitearen gaia ere aztertu zuten.
“Bitxia da, EH Bilduk herrigunean aparkalekua egiteko ez du arazorik, eta Karraspion bai. Horren alde badaude, eta herrigunean ez dago aparkatzeko arazorik, Karraspion udako hilabeteetan arazo handia dago. Eurek diote Karraspion bi hilabeterako dela bakarrik, eta ea zertarako egin behar den. Kontraesan handia ikusten dut”, adierazi du alkateak.
Jesus Mari Anakabek dioenez, aldundiaren babes osoa dauka udalak. “Aldundia ez da inoiz agertu proiektuaren kontra, eta oposizioak beste aukeraren bat ematen badigu arazoa konpontzeko, entzuteko eta aztertzeko prest gaude, noski”
Haren berbetan, aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak tramitaziozko “formazko arrazoiengatik” baliogabetu zuen proiektua. Orduan udalak “aldaketa puntual” moduan sartu zuen proiektua, eta epaileak zehaztu zuen halako proiektua HAPOren bidez egin behar zela, eta horregaz batera babespekoak diren
57 metro koadroek babestuta jarraitu beharko zutela. Beraz, oraingo honetan, bi baldintza horiek bete ditu udalak: “HAPOan 57 metro koadroak babestutako eremuak direla zehazten da; babes berezi hori mantendu eta babestuta jarraituko du eremuak”.
Oposizioaren iradokizunak. EH Bilduko ordezkariek diotenez, udan “aurrerakinen dokumentua” izan dute esku artean, eta, aurrerakinetan aurkeztutako hiru aukeretan aurreikusten da aparkalekua hondartzarako.
Oposizioak iradokizunak aurkeztu zizkion dokumentuari. “Gure iritziz, halako paraje naturalean era horretako azpiegitura egitea izugarrizko hanka sartzea litzateke, eta ez gara horrela pentsatzen dugun bakarrak. Aparkalekua Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren irizpideen kontrakoa da, sail horren helburuen artean baitago garraio kolektiboa erabiltzea, eta jendea oinez edo bizikletaz ibil dadin bultzatzea, mugikortasun beharrak kudeatzeko”.
Aldundiaren iritzi horregaz bat datozela, eta aparkalekuak “zirkulazio eta auto pilaketak besterik” ez dituela ekarriko uste du oposizioak. Anakabek dioenez, baina, aldundiaren babes osoa dauka udalak. “Aldundia ez da inoiz agertu proiektuaren kontra, eta oposizioak beste aukeraren bat ematen badigu arazoa konpontzeko, entzuteko eta aztertzeko prest gaude, noski”.
Azaroko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu zituzten EH Bilduk aurkeztutako iradokizunak, eta EAJk kontra bozkatu zuenez, ez ziren onartu. Orain euren iradokizunak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du udalean oposizioak. “Guk uste dugu
aparkalekua beharrezkoa dela. Hondartza gurea da, eta aparkatzeko sortzen den arazo ere gurea da. Ahal dugun neurrian konponbide bat eman behar diogu”, nabarmendu du Mendexako alkateak.
Oposizioaren ustez, ingurumenari “sekulako kaltea” eragingo lioke proiektuak: “Batetik, lurzorua artifizial bihurtu beharko litzateke, aparkalekua egiteko eta oinezkoen joan-etorrietarako bideak egiteko. Hau ere Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpideen aurkakoa da. Bestetik, hango akuiferoei eta landarediari ere kalte egingo lioke, Jaurlaritzaren irizpideen aurka, ingurune hori balio handiko eta kalitate handiko eremuan baitago”.
Udalak proiektuak “herritarren oniritzia” duela dioen arren, oposizioarentzat «herritarrentzat ez diren interes batzuen defentsan» gauzatu nahi du udalak proiektua. “Udalak ezin ditu Mendexako herria etorkizunerako hipotekatuko dituen erabaki erabat arbitrarioak hartu: Mendexako herriaren bizkar gainera etorriko dira aparkaleku horren mantentze-kostuak, eta, ingurumenari dagokionez, halako balioa eta kalitatea duen ingurune bat alferrik galtzea”, zehaztu dute EH Bilduko ziengotziek.
Oraingo prozesuan zehaztuko da aparkalekua zelakoa izango den. Lehen onarpena otsailean edo martxoan egitea aurreikusi dute. Alegazioak aurkezteko epea zabaldu, eta behin-behineko onarpena etorriko da horren ostean. Jarraian, aldundiak behin-betiko onarpena emango dio, “2019an edo beranduago”.