Ispasterko eskolako laborategia, herriko Ludotekan
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Tresnak guztiak ondo garbitu, armairua diseinatu, erosi, muntatu… Ilusioz beteta, lan handia egin dute, eta prozesu osoaren emaitza erakutsi zuten astelehenean. “Artistak” direla esan, eta egindako lanagatik zoriondu zituzten aurkezpenean. Proiektua zelan gauzatu duten azaldu zuten, pausoz pauso. Urriaren 12ko zubian, esaterako, maketa egiten aritu ziren eta 16an eskoletako gela guztietara joan ziren maketa aurkeztera.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Eskolan laborategia edukitzeko leku nahikoa ez zutela-eta, udalean baimena eskatu, eta udalerriko Ludotekan ipini dute laborategia. Ikasturte hasieran esperimentuak egin nahi zituztela esan zioten irakasleari. “Baina gure gela txikia denez, proiektua egiteko ez genuen tokirik”. Beraz, udalera jo zuten leku bila; udalera eskutitza igorri, eta berehala jaso zuten baiezkoa. Hasieran ikasleak batu, eta esperimentuari buruz hausnartu eta definizio hau asmatu zuten: “Jendea harritzeko, zientzia ikasteko eta aurkikuntzak egiteko balio duen sistema da esperimentatzea”. Gero, hiztegira jo zuten: “Gauza baten egoera edo baldintzak praktikan aztertu eta frogatzea da”.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Arauak eta ardurak. Erronkari aurre egiteko, lana taldetan banatu zuten; bosna ikasleko hiru talde osatu, eta ondorengo ardurak banatu zituzten: behatzailea, komunikatzailea, IKT arduraduna, irakurlea, idaztela eta bozeramailea. Arauak ere zehaztu dituzte: Ilea solte ezin da erabili, ezin da jan eta edan, lidiko batzuk ezin dira atzamarrekin ukitu, irakasleen aholkuak jarraitu, ixilik ibili eta egindako esperimentuen erregistroa eraman. Hau da, hipotesiak egin, materialak prestatu, esperimentuan gertatu dena hipotesiekin konparatu eta bukatzeko marrazkia egin.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Lehenengo esperimentuak likidoekin egin dituzte, urarekin, zehatz esateko. Horretarako, liburutegietan eta sarean batu zuten informazioa. Pozik aritu dira, eta ilusio eta poztasun hori transmititu zieten astelehenean senitarteko eta eskolako beste ikasle eta irakasleei. Zuzendariak moztu zuen zinta, eta eskaera bakarra egin zien: “Urte asko egon dira tresnak gordeta, agian zuen gurasoek duten adina baino urte gehiago egon dira erabili gabe. Gauza bakarra eskatzen dizuet; tresnak eta materialak ondo zaintzea”.