Berritasunekin baina betiko oinarriagaz. Horrela dator aurtengo Egia-Iriondo memoriala.
Abenduaren 30ean ospatuko da aurtengoa, 12:00etatik aurrera; nagusiena 13:00ean hasiko da. Betiko lekuan hasi eta betikoan amaituko da, hau da,
Berriatuan hasi eta Ondarroako Alde Zaharrean amaitu.
Aurten
Ondarroako Udala arduratu da lasterketa antolatzeaz,
Ondarroako Atletismo Taldearen laguntzagaz. Azken urteetan atletismo taldea zen antolakuntza lanez arduratzen zena, baina taldeko ordezkariek aitortu dutenez «gizartearen aldaketek eraginda» beraiek zeukaten antolatzeko gaitasuna baino gehiago eskatzen zuen: «urte luzez asegururik gabe egin izan den lasterketa da, baina duela urte batzuetatik ona ezin gara horretara arriskatu».
Unai Barrenetxea kirol zinegotzia eta Orkatz Beitia Ondarroako Atletismo Taldeko ordezkaria.
Esan dute Ondarroako Udalarekin harremanak aspalditik daudela, eta antolakuntzaren ardura eurek hartzea «
positibotzat» jotzen dutela. Baina esan bezala, antolakuntza berriak
aldaketak ere badakartza bere gain, hau da, betiko lasterketa izango da baina zenbait aldaketa edukiko ditu, «beti ere zegoena hobetzeko asmoarekin».
Ondarroako Udaleko kirol zinegotzi Unai Barrenetxeak esan du beraiek udalean sartu zirenenetik egon dela mahaian jarri eta
elkarrizketarako borondatea, argi edukita Egia-Iriondo antolatu beharreko zerbait zela. Gaineratu du ulertzen duela atletismo taldeak udalari antolakuntzan murgiltzeko egindako eskaria, «Ondarroako kirol ekintza
sinbolikoetako bat den heinean». «Gauza oso polita da, urte luzez egiten dena baina baditu zenbait arrisku», gaineratu du zinegotziak.
Jose Mari Aranbarri ‘Egia’ eta Martin Iriondo Ondarroako Atletismo Taldeko kideekin.
Azpimarratu nahi izan dute udala antolakuntzan sartzeak zenbait berritasun dakartzala. Aurten lehenengo aldiz, nahiz eta hasiera eta helmuga betiko lekuetan egon Egia-Iriondoren barruan
beste zenbait lasterketa egingo direla aurreratu dute. Honen arrazoia segurtasuna ahalik eta gehien bermatzea da. «Guk, udal modura, ikusten genuen korrikalariak lasterketaren edozein puntutan errepidera sartu eta lasterketagaz bat egiteak arriskuak zeuzkala, beraz, moldaketa hauek
segurtasun falta ahalik eta gehien murrizteko eta lasterkariak ahalik eta kontrolatuen edukitzeko xedeagaz egin ditugu».
Umeen lasterketak. Aipatutako arrazoi horiengatik haurrentzat lau lasterketa egitea erabaki dute Ondarroako Udalak eta Ondarroako Atletismo taldeak. Lehenengoa
2010 urtean edo beranduago jaio diren neska mutilentzat pentsatu da; 12:00etan hasiko da. Zeledonio parean hasi eta 200 metro edukiko ditu helmugaraino. Bigarrena, 12:10ean,
2008 eta 2009 urteetan jaiotakoentzat Zaldupeko zubitik 450 metroko lasterketa. Hirugarrena ere aurrekoaren berdina, baina
2006 eta 2007 urteetan jaiotakoentzat, 12:20ean. Azkena,
2002 eta 2005 urteen artean jaiotakoentzat izango da, kilometro batekoa, Kamiñazpiko biribilgunetik hasi eta helmugaraino;?12:30ean hasiko da.
Gauzak horrela egitearen beste helburu bat Alde Zaharrean ere giroa apurka-apurka sortzen joatea izan da. «Apustu polita dela uste dugu gauzak horrela egitea, herrian giroa sortzeko eta lasterketa nagusia heltzerako gazteenek ere
giro ona bertatik bertara bizitzeko». Lasterketa nagusiko korrikalariak helmugara iristean giroa neska-mutilekin berotuta egotea nahi dute. Orkatz Beitiak aitortu du duela zortzi bat urtera arte
milia hiritarra egiten zela Ondarroan, eta herritarrek «milian lehiatu eta Egia-Iriondon parte hartu egiten zutela». Behin hori desagertuta, «herrian zegoen hutsunea betetzen ahalegindu gara, hau da, lehiatu edota parte hartu nahi dutenentzako lasterketa izatea Egia-Iriondo». Hau dela eta, nagusien mailako irabazleei, neskei zein mutilei,
txapelak emango zaizkiela aurreratu dute, eta txikietan ere garaikurrak egongo direla: «gure asmoa garaikur horiez gain ume guztientzat opariak egotea da» zehaztu du Barrenetxeak. Nagusientzat txapelez gain beste oparirik ez badago ere haurrek zeozer edukitzen saiatuko gara. Ikusita udalak zer nolako
egoera ekonomikoa daukan ezin dugu bermatu nagusietan ere opariak egongo direnik.
Egia-Iriondo martxaren irteera, Berriatuan, iaz. Argazkia: Mikel Aramaio
2004an eduki zuen memorialak parte hartzaile kopuru handiena,
600 lagun. Barrenetxeak esan du aurten 500 dortsal eskatu direla, eta denak banatzea desiratzen duela. Antolakuntzak dei egin nahi izan die bai
haur eta kadete mailako neska-mutilei eta baita emakumeei ere lasterketan parte hartzera,
emakumeak ere kirolean geroz eta gehiago dira eta, zorionez.
Argi laga nahi izan dute herritarrek eta herritar ez direnek parte hartu dezaketela lasterketan: «udalak ezin du berak antolatutako lasterketa batean ondarrutarrek soilik parte hartu dezaketela esan».
Memoriala egiteko modu berri hau ona eta herritarrentzako polita izatea espero dute. Amaitutakoan egingo duten
balorazio batzarrean ikusiko dute ea modu berri hau ona izan den, baina bien bitartean herritarrei lasterketan parte hartzeko deia luzatu diete, «herriko kirol ekintza politenetako bat delako». Amaieran, beti bezala,
sari banaketa eta Jose Mari Aranbarri ‘Egia’ eta Martin Iriondori aipamen berezia egingo dira. Eskerrak eman nahi izan dizkiete antolakuntzan lagundu dutenei.