EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk
iazko udaberrian egindako eskaria oinarritzat hartuta abiarazi du prozesua Francisco M. Fernandez Marugan Espainiako Arartekoak. Iñarrituk 10.2 artikuluaren bitartez Espainiako Diputatu eta Senatariek administrazio publikoaren baitako erakundeetan eman daitezkeen
giza eskubideen urraketak salatzeko bideari ekin zion, Ibon Iparragirre preso ondarrutarrak bere gaixotasun larria azken fasean sartuta zuelako, eta espetxean mantenduz gero gaixo larriek etxean egoteko duten eskubidea urratzen zelako.
Jon Iñarritu EH Bilduko senataria. Argazkia: Jon Iñarritu/Twitter
Jon Iñarritu senatariak esan du hasiera batean ez ziotela erantzunik eman baina hilabete batzuetara bai egin ziotela
informazio zehatzagoa bidaltzeko eskaria. Udazkenean, mediku talde batek Iparragirreren egoera “oso larria eta muturrekoa” zela esan zuenean, Iparragirreren abokatuei eskatutako txosten hori bidali zuen Iñarrituk Espainiako Arartekoaren bulegora. Iñarrituk esan du Gabonetako oporraldian aitortu duela
Espainiako Arartekoak ikerketa bat jarria dela martxan dagoeneko, “Iparragirreren giza eskubideak urratzen ari diren zantzuak” dituztelako. Era berean, Espainiako Arartekoak Espetxe Zaintzako Zuzendaritzari Iparragirre espetxean mantentzearen
arrazoiak zein diren galdetu dio. Jon Iñarrituk esan du “euskal presoen kasuan eta bereziki Iparragirrerenean Espainiako Espetxe Zuzendaritza eta Espetxe Zaintzako Epaitegia
elkarri pilota pasatzen ari direla”. “Badirudi bi erakunde hauek ez dutela Ibon Iparragirre kalean utzi nahi, bai Ibonen egoera eta baita legea ere oso argiak direnean”.
Iñarrituk gehitu du ikusita prozesuari hasiera noiz eman zion, gauzak nahiko geldo joan direla orain arte, baina hemendik aurrera
arinago joatea espero duela, arazoaren larritasuna handia dela eta.
Ibon Iparragirre aske uztea eskatzeko Ondarroan egindako giza katea.
Aita Mennira. Abenduan Ibon Iparragirre Arrasateko Aita-Menni zentrora bidaltzeko erabakia hartu zuen epaileak baina Iparragirrek Alcala-Meco espetxean (Madril, Espainia) jarraitzen du oraindik. Ez zen Iparra Galdu Baik plataformak espero zuen
erabakia, Iparragirre etxera ekartzea baita euren asmoa. Bere anaiak aitortu duenez erabaki horri helegiterik ez diotela jarri esan du prozedura are gehiago ez luzatzearren. Iparra Galdu Baik plataformak esan du nahiz eta Ibon etxera ekartzearen
helburu oraindik ez duten lortu, Arrasateko ospitalera ekartzea “ikuspegi positibo bategaz” hartzen dutela, jarrera positiboa edukitzea izango delako aurrera jarraitzeko indarrak emango dizkiena.
Argi laga nahi izan dute euren
helburua bat eta bakarra dela, eta bai plataformako kideek eta baita senide eta lagunek Ibon Iparragirre etxeratzea lortu arte lan egingo dutela. Ez dakite Iparragirre noiz eramango duten Madrilgo presondegitik Arrasateko ospitalera, baina lekuz aldatzeko modua behar den bezalakoa izatea eskatu dute, Iparragirreren
osasun egoerak ez dezan are gehiago txarrera egin.