Eskualde enpresak sendotzea eta garapen ekonomikoa sustatzea. Horiek dira Debegesa garapen agentziak aurten gauzatuko dituen bi proiektuak. Zehatz esanda,
Debabarreneko Enpresen Sarea eta
Debabarrena-TEK izenak jarri dizkiete bi proiektuei. Proiektuak ezberdinak izan arren, bien helburu nagusia berdina dela esan dute Debegesako arduradunek: “eskualdeko industria arloko enpresen artean
lankidetza sareak sortzea eta enpresen gaitasun teknologikoak eta produkzio baliabideak ezagutzea”. Helburu horiek gauzatzeak lehiakortasuna hobetzea ekarriko lukeela esan dute.
Proiektuak aurrera eraman ahal izateko
61.629 euroko finantzazioa lortu du Debegesak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka sailetik.

Eskualdeko enpresei laguntzeko jarriko ditu martxan Debegesak bi proiektuak.
Debabarreneko Enpresen Sarea proiektuak kaltetuta dauden enpresen arteko lankidetza sustatzea du xede, bereziki industria sektorean. Hori gauzatzeko Debegesak
IMHren zerbitzuak erabiliko dituela esan dute. Debabarrena-TEK proiektuan espezializazio adimentsuko lehentasunezko hiru arloetan, hau da, fabrikazio aurreratuan, energian eta osasunean, balio kate berriak garatu eta enpresa txiki eta ertainei lagunduko die. Proiektua
IK4-Teknikerren bidez hornituko da.
Azpimarratu dute bi proiektuak Debabarreneko zortzi udalek bultzatzen duten
Enplegu Mahaian sortutakoak direla. Informazio zehatza nahi dutenentzat 943 82 01 10 telefono zenbakia eta
pymes@debegesa.eus helbide elektronikoa jarri dituzte erabilgarri.