Ispasterko Kintxopeko sariketa lehiatzeko zapatuan izena eman behar da
Otsailaren 9tik 11ra jokatuko dute 23. Kintxopeko Zaldi-Mando Proben sariketa. Parte hartu gura duten probalariek zapatuan [urtarrilak 27] izena eman behar dute Ispasterko Udaletxean (94-684 29 99). 13:00etan jarri dute ordua.
Izena emateko derrigorrezkoa da animalien identifikazio zenbakia (mikrotxipa) eta ustiapen kodea aurkeztea.
Lehenengo hamar sailkatuak sarituko dituzte. Txapeldunak 750 euro, manta eta txapela jasoko ditu. Azpitxapeldunak 650 euro irabaziko ditu, eta hirugarren sailkatuak 575 euro.
Halaber, saririk jaso gabe gelditzen den parte hartzaile batek irabazlearen markaren %60 egitea lortuz gero, 300 euro jasoko ditu.
Kintxopeko zaldi-mando probak Ispasterko harriagaz lehiatuko dituzte. Abereen oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute, eta saio bakoitza hasi baino ordu bete lehenago pisatuko dituzte. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak kontrolatuko ditu demak, eta ohiturazko baldintzak izango dituzte.