Lantzeko inauteriek piztuko dute aratuste giroa Markina-Xemeinen
Markina-Xemein inauteri giroan murgiltzen hasteko asmoz, aurten ere, Lantzeko inauteriak plazaratuko ditu Zerutxu dantza taldeak Aratuste domeka bezperan, otsailaren 10ean. Kalejiran irtengo dira herrian zehar, eta ekitaldian parte hartzeko gonbidapena...
Kalejirarako prestatzeko, gainera, formakuntza saio bat antolatuko dute Zerutxukoek zapaturako. 11:00etatik aurrera emango dute tailerra Uhagon kulturgunean, eta bertan Lantzeko txapelak egin eta dantza ikastaro txiki bat eskainiko dute. Eraman beharreko gauz bakarra lastozko txapela izango dela zehaztu dute. Mozorroak prestatzeko zenbat material behar duten jakiteko, kalejiran parte hartu nahi dutenek otsailaren 1a baino aurretik Ixaie lurrindegian izena emateko eskatu dute dantza taldekoek.
Otsailaren 10ean 17:30ean elkartuko dira herritarrak Xemeinen, kalejirari hasiera emateko.
Zaldi Zinta jokoa
Beste alde batetik, Inauterietako Zaldi Zinta jokoan parte hartu nahi dutenek oraindik aukera daukate izena emateko. Urtero modura, inauterietako domekan, otsailaren 11n, egingo da jokoa 12:00etatik 12:45era, Zelaiaren beheko partean.
Jokoan parte hartu nahi dutenek otsailaren 6a orduko eman beharko dute izena udaletxeko harreran, telefonoz deituta edo udala@markina-xemein.eus helbide elektronikora idatzita. Jokoan parte hartzeko 18 urte beteta eduki behar dira, eta beti bezala, parte-hartzaile bakoitzak bere zaldia eraman behar du.
Jokoaren amaieran banatuko dituzte sariak. Guztira bost sari egongo dira: lehen saria 180 euro, 2. saria 170 euro, 3. saria 160 euro, 4. saria 150 euro eta 5. eta azken saria 150 euro.