Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzuan urte hasieragaz batera egin dituen
aldaketekin kexu agertu dira Ondarroako erabiltzaileak. Bilborako bidaia zuzenean egiten zuten goizeko bi autobusen irteera
20 minutu atzeratzea erabaki zuten,
6:30era eta 7:30era. Erabaki hori hartzeko arrazoia ordu berdinetan Lekeitiotik ateratzen zen A3512 lineako autobusen erabiltzaileek Markina-Xemeinen autobusez aldatu eta Ondarroatik zetorrenarekin bat egitea zen, horrela,
Gerediaga parean A8 autobidera sartu eta zuzenean Bilboraino joateko.
Baina Ondarroako autobusak 20 minutu atzeratzeak sortu du kexa ondarrutarrengan. Lehenik eta behin 20 minutu
beranduago ateratzen direla esan dute, eta gero gainera,
Markina-Xemeinen sartu eta Lekeitiotik datorren autobuseko erabiltzaileak Ondarroakora igo bitartean ere
denbora joaten dela. Baina ondarrutarrak ez dira bakarrik kexu daudenak. Lekeitiarren iritziz ere aldaketa guztiak eginda bost minutu baino ez dituzte aurrezten Bilbora iritsi orduko: “azkenean
ez dakit inor poztu den aldaketek zer eragin izan duten ikusita”.
Iurretatik igarotzen den autobusa bakarrik bost minutu beranduago sartzen dela Bilbora esan dute.

Bizkaibus bat Ondarroako portuko geltokian.
Unibertsitateko ikasleak ere ez daude pozik eta esan dute Lea-Artibai eskualdetik unibertsitatera iristea arazo bat ari dela bihurtzen. Gaineratu dute Bilbon bertan ikasten dutenentzako arazoa baldin bada 20 minutu beranduago ateratzea, zer esanik ez Leioako unibertsitatera joan behar direnentzako: “beste autobus bat hartu behar izaten dugu Termibus parean
Leioara igotzeko, eta askotan ez gara garaiz iristen”. Gaineratu dute goizean Bilbora zuzenean joaten diren autobusak dauden bezala, itzultzeko ere arratsaldean beste hainbeste egitea komeni dela, goizean joateko dagoen arazo berdina ez egoteko itzultzerakoan.
Bestalde, Lea-Artibai eta Mutrikuko ikasle askok
Durangon hartzen dute unibertsitatera doan zuzeneko autobusa. Esan dute, arrazoiren bat tarteko autobusa Durangora berandu iristen baldin bada, ezinezkoa zaiela EHUrako zuzeneko autobusa hartzea,
“ez baita zain egoten”. “Gu bai egoten garela Markina-Xemeinen Lekeitioko autobusaren zain, baina gero Durangon ez dira egoten bost minutu ere ikasleak autobusera iristeko”.
Horrez gain,
Ermutik doan autobus lineak ere “askoz gehiago” tardatzen duela diote. Izan ere, lehen Ermuan lau geraleku zeuden, baina
orain, aldaketak tarteko,
sei geldialdi egiten ditu. “1:20 irauten zuen bidaiak orain 1:45 inguru irauten ditu”.