Duintasuna, 80 urte eta gero
36ko gerrako beste 24 pertsona desagerturen gorpuzkinak ehortzi dituzte Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan. Gorpuak azken urte hauetan ikertutako hobietan aurkitu ziren, besteak beste Etxebarriko Zelaietaburun.Herritarren memoriari eta Ahaztuen Oroi...
36ko gerrako beste 24 pertsona desagerturen gorpuzkinak ehortzi dituzte Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan. Gorpuak azken urte hauetan ikertutako hobietan aurkitu ziren, besteak beste Etxebarriko Zelaietaburun.
Herritarren memoriari eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak egindako ikerketa lanari esker, Etxebarriko beste hiru gudarik atseden hartuko dute hemendik aurrera Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan. Testigan- tzen bidez jaso ahal izan zuen Lea-Artibaiko elkarteak Zelaietaburun gertatutakoa; testigantzak beharrezkoak izan ziren hiru gudarien gorpuzkiak berreskuratzeko.2016ko martxoan eta apirilean egin zituzten gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak, Aranzadiko adituen laguntzagaz. Eta joan den barikuan ehortzi zituzten hiru gorpuak, beste 21 pertsona desagerturen gorpuzkinekin batera Gogora Institutuak antolatutako ekitaldian. Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak, Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Euskadiko memoria-elkarteetako kideak eta Francisco Etxeberria auzitegi-antropologoak parte hartu zuten besteak beste, ekitaldian. Ehorzketen ardura, ostera, CNTko gudulari Ramon Portillaren senideak,CNTko ordezkariak eta gorpuzkiak aurkitu ziren herrietako ordezkariek hartu zuten.
Etxebarriko ordezkariak
Gorpuzkiak aurkitu ziren Bilbo, Donostia, Galdames, Larrabetzu, Legutio, Lemoa eta Turtziozko ordezkariekin batera parte hartu zuten ehorzketan Etxebarriko Udaleko ordezkariek, lekukoek eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. Jesus Iriondo Etxebarriko alkatearen, Mari Carmen Bustindui zinegotziaren, Jose Mari San Martin, Ignazio Retolaza eta Santi Retolaza lekukoen eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideen artean hobiratu zituzten Zelaietaburuko hiru gudariak. «Merezi duten moduan. Herritarren babesean, azken agurra jasoz».
Banan-banan sartu zituzten kutxak Elgoibarko Olaso hilerritik hurbil dagoen Duintasunaren Kolunbarioko nitxoetan, eta ehorzketaren ondoren, loreak ipini zituzten Kolunbarioan dagoen eskulturaren aurrean.
Duintasunaren Kolunbarioa joan den urtearen hasieran inauguratu zen, eta, hemendik aurrera 51 pertsonen gorpuzkiak egongo dira bertan, gehienak identifikatu gabeak. Barikuan ehortzi zituztenen artean hiru zeuden identifikatuta: Ramon Portilla CNTko gudularia, Millan Zabala Donostiako Udaleko Gauzainen Kidegoko langilea, eta Nicolas Obregon, Euzko Gudarosteko CNTren Sacco Wanzetti batailoiko kaboa.
Barikuko ekitaldiagaz, 36ko gerran desagertutako pertsonak gogora ekarri eta haien memoria ohoratu nahi izan zuten.