Radixu irratia, 27 urtez uhinetan
Urteurrena betetzear da Ondarroako Radixu irratia. Hasierako asmo eta helburu beragaz, geroz eta hedatuago dago: herriko mugetatik kanpo ere entzun daiteke orain irrati bidez.Radixu hitza entzundakoan, ondarrutar gehienei gauza bera datorkie burura. «...
Urteurrena betetzear da Ondarroako Radixu irratia. Hasierako asmo eta helburu beragaz, geroz eta hedatuago dago: herriko mugetatik kanpo ere entzun daiteke orain irrati bidez.
Radixu hitza entzundakoan, ondarrutar gehienei gauza bera datorkie burura. «Radixu irratia, 105.5 FM edo Radixu.info»Erraz esaten da, baina zaila da atzean dagoen lan guztia eta egunerokotasuna ikustea. Radixun aritzen diren guztiak dabiltza musu truk. Gustatzen zaiena egiten dute, eta egiten duten horretan sinisten dute. Beharbada, hori da horrelako komunikazio proiektu batek 27 urte egiteko gakoetako bat.
80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herrian zegoen egoera politikoari Punk mugimendua batu zitzaionean hasi zen «mugida»; punkeroen filosofia barne-barneraino sartu zen, «egizu zuk zeuk» filosofia. Planteamendu horretatik sortu zen Radixu ere, beste hainbat irrati libre bezala. «Herriko rock taldeen laguntzagaz lortu zen irratiko tresneria erosteko behar genuen dirua, Gaztetxean eskainitako kontzertuen bidez». Horregaz eta Ondarroako Udalak kanpandorrea utzita, uhinetan zegoen jada Ondarroako irrati librea.
Kanpandorreko estudio zaharretan mamitutako proiektua aurrera begira dago orain, «nahiz-eta hasierako urteetan baino irratsaio gutxiago eduki». Badira urtetik urtera gertatzen diren aldaketak, bai esatarietan eta baita programazioan ere, baina aspaldian irratsaio berrien eta herritar gazteen topaleku ere ari da bihurtzen Radixu. Hor daude, besteak beste, Lorituk eta Ganberruk irratsaioak, institutuko gazteek sortutako Prawn saio berria, Leartigol eta Toleta Apurtu kirol saioak…
Beste saio batzuk, berriz, Radixuko ohikoak dira. Azken Mohikanoak, Binilo artin galdute edo Time to Roots, esate baterako. Guztien artean egiten dute Radixuko familia.
Radixu irratia, beste hainbat irratigaz batera, Arrosa Irrati Sareko kide da. Lankidetza horri esker, ekoizpen propioko irratsaiorik airean ez dagoenean, beste irrati libre batzuetako ahotsak batzen dira 105.5 FMra. Hain zuzen, Euskal Herriko beste 21 irrati batzen dituen federazioko ahotsak entzuten dira Radixutik. Sare horretan, irrati libreak, udal irratiak, (herrialdeko irratiak) eskualde mailakoak eta irrati nazionalak daude, besteak beste.
Arrosa Sareko irrati guztiak batzen dituen ardatza euskara da, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zenetik Arabako Barria herrian. Orduan jarri ziren oinarriak. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zen sortze bilera, Arrosa herrian, hain zuzen, eta handik datorkio izena sareari.
Beraz, Radixu irratiko programazio etengabea iturburu horietatik sortzen da. Alde batetik, Radixuko programak eta beraien errepikapenak, eta, bestetik, zuzeneko magazineak eta Arrosa Sareko programak.
Etenik barik uhinetan
Baina gaur 18:00etan hasi eta domekako 18:00ak arte, 48 orduz etengabeko irratsaio propioa eskainiko dute 105.5 FM eta Radixu.info webgunean. Urteroko hitzordua da bai esatarientzat eta baita entzuleentzat ere. Irratiaren urteurrena ospatzeko ekintza garrantzitsuena izaten da, baina ez bakarra. Izan ere, Radixuk beti eskaintzen ditu musika edo kulturagaz lotutako hainbat ekintza urteurrena ospatzeko.
Programazio berria
Laster argitaratuko dute, bestalde, otsailetik ekainera bitarteko Radixuko programazio berria. Lehengo lepotik izango du burua, Radixuko irratsaioak eta Arrosa Sarea uztartuta eguneko 24 orduetan. Baina egongo da berritasunik ere.
Radixu irratikoek betiko mezua utzi nahi izan diete herritarrei: «Gogoratu, hutsunerik sumatuz gero, zu zeu izan zaitezkela Radixu irratiko esatari berria, ateak zabalik dituzu. Zuk zeuk eta beste guztiok… Esku zabalik hartuko zaituztegu».
Azkenik, Radixu irratiak urteko gastu guztiei edo gehienei, behintzat, aurre egin ahal izateko antolatzen duen Zapato Azule ekainaren 30ean izango dela aurreratu dute antolatzaileek. 21. aldiz ospatuko da.