Iragan astean gertatu zen gazte ondarrutarraren ezbeharra dela eta,
Euskal Herriko Chrysallis adingabe transexualen familien elkarteak 16 urteko gazteak
Ondarroako institutuko irakaslegoaren eta ikaslegoaren aldetik jasotako babesa nabarmendu du. Zebait zehaztapen ere egin nahi izan dituzte, ordea, azken egunetan zenbait gaizkiulertu egon direlako kaleratu zuten adierazpenaren inguruan. Zehatz esanda, otsailaren 16ko oharraren inguruko azalpenak eman nahi izan dituzte.
Chrysallis Euskal Herria elkarteko kideak, Ondarroako elkarretaratzean. Argazkia: Chrysallis EH
Otsailaren 16ko adierazpen horretan, “institutua formakuntza beharra” zegoela esaten zen, baina argi laga nahi izan dute esan hori ez zihoala
irakasle eta ikasleei zuzenduta, ez eta ikastetxeari ere. “Garbi laga nahi dugu ikaskideek eta irakaslegoak hasieratik onartu zutela gaztearen nortasuna eta berak erabakitako izenetik deitzen ziotela. Ikastetxeko dokumentu guztietan ere berak aukeratutako izena jarri zuten lehen momentutik”. “Irakaslegoak
hasieratik landu zuen transexualitatearen gaia Chrysallis Euskal Herriaren materialekin edota Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuarekin”. Irakasleen sentiberatzea ere landu zen. “Oraindik martxan jarri gabe zegoena
irakasleentzako formakuntza berezia zen, martxoan hasiko dena Berdindu zerbitzuaren eskutik. Gainontzeko ikasleen gurasoekin ere ez zen formakuntza saiorik egin”. Chrysallisek azpimarratu du gazte ondarrutarraren
amak baieztatu zuela “institutuan hasieratik onartu eta ondo tratatu” zutela.
Ondarroan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Chrysallis EH
Chrysallis Euskal Herriak esan du bere
asmoa ez zela inor kritikatzea, baizik eta “transexualitatea lantzeko Formakuntza Plan Integralaren beharra erakustea”. Plan horrek irakasle, guraso eta ikasleen formakuntza jasotzen du, sexologian adituak eta bereziki haur eta gazte transexualen ezagutza berezia duten profesionalen eskutik, “
eskola komunitate guztiak ulertu dezan transexualitatearen errealitatea zein den”. Chrysallisek gaineratu du plan berezi hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Enplegu eta Gizarte Politika sailak bermatu behar dutela, eta eskari hori egiten bi urte daramatzatela.
Sailburuaren azalpenak. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak
doluminak helarazi dizkie gazte ondarrutarraren ingurukoei, eta esan du “ezbeharra ez dagoela soilik tratamendu hormonalaren zain egoetarekin lotuta”. Horrez gain, aitortu du Gurutzeko ospitaleko
Genero Unitatean, gazte ondarrutarraren prozesua zeramaten lekuan, azterketa bat egiten ari direla gaztearekin egindako lanketan, “jakiteko zein faktoretan egin zitekeen zerbait gehiago eta zein faktoreetan jokatu den ondo”.
Datorren astean Chrysallis Euskal Herria
elkarteagaz batuko da Jon Darpon sailburua, gazte transexualen inguruan”gaur egun dagoen gida ahal den neurrian behintzat hobetzen saiatzeko”.
Jon Darpon sailburua, Radio Euskadi irratian berbetan. Argazkia: Boulevard Radio Euskadi