Iñaki Maruri 'Txarriboda’-n, antzezten eta pianoa jotzen

‘Txarriboda’ antzezlanean parte hartzen duten aktoreak, tartean, Iñaki Maruri (eskumatik bigarrena). Argazkia: Goiena.eus.
Iñaki Maruri: “Ni aktorea naiz izatez, eta hori da gustatzen zaidana; pianoa jotzen moldatzen naiz, baina aktore lanak egitea gehiago gustatzen zait”Ordu eta erdiko antzezlana dela jakitera eman du aktore ondarrutarrak, «baina arin pasatzen da denbora». Izan ere, estimulu asko eta pertsonaia asko (aktore bakoitzak 3-4 pertsonaiaren papera betetzen du) dituen lana da gaur antzeztuko dutena. Musika zuzenean. Gainera, musika zuzenean entzuteko aukera ere eskaintzen du. Euskal Herriko kantutegitik hartu dituzte kantu batzuk, eta horietako batzuen letra aldatu, eta antzezlanera egokitu dituzte. Maruri bera da, esaterako, pianoa jotzen duena. «Ni aktorea naiz izatez, eta hori da gustatzen zaidana; pianoa jotzen moldatzen naiz, baina aktore lanak egitea gehiago gustatzen zait». Orain arte, hainbat agertokitan aritu da Maruri, besteak beste, Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean zein Arriagan, Madrilen… Egindako antzezlanak ere ugariak izan dira: Cabaret Chihuahua, Cabaret Chichinabo, La Vida Alegre, La gatita blanca, El sueño de una noche de verano…
Onintza Enbeita: “Beti ibili naiz gauza amateurretan, Muxikako emakumeekin eta. Antzerki baterako kantuen letrak egitea esperientzia polita izan da”Txarriboda «gauza berria» dela dio Ondarroakoak: «Pertsonaiak guk geuk sortu ditugu gure inprobisaziotik, eta hori oso gauza pertsonala eta polita da. Pozik gaude emaitzagaz». Enbeitarentzat, bestalde, lehen aldia da antzezlan baten kantuen letrak jartzen dituena. Gainera, aktore profesionalekin egindako lan batean inoiz ez duela parte hartu aitortu du. «Beti ibili naiz gauza amateurretan, Muxikako emakumeekin eta». Lehenengo aukera izan du, eta «esperientzia polita» izan dela dio, lana eta denbora eskatzen duen arren, «gustura egiteko moduko lana», hain zuzen ere. «Batetik, obra zer den ulertu behar da, pertsonai bakoitza ondo bistaratu behar da, eta horietako bakoitzari ondoren, kanta horretan hitzak jarri behar zaizkio». Antzerkia gustuko du muxikarrak, horren bitartez «gauza asko landu daitezkeelako». Jende askorengana eta sentimendu askotara heldu daiteke antzerkiagaz Enbeitaren ustez. Gustukoa izateaz gain, interesatzen zaion mundu bat da. Halere, maneiatu dezakeen antzerki mundua «oso oinarrizkoa» dela aitortu du. Berak egiteko moduko zerbait dela ikusiz gero, baina, «gustura» egingo luke; aukerei zabalik egoten baita beti. Bertsolari eta kazetariak ez du uste inoiz antzerki profesionalik zuzenduko duenik, ez du-eta bere burua horretarako gai ikusten. «Baina beste maila batean, gidoiak eta letrak egiten… Uste dut baietz esango nukeela, betiere, nik zerbait jartzeko modukoa dela pentsatuko banu».