Koplaz kopla, bertsoz bertso, Bizkaiko harrobia sortzen
Bertsolari gaztetxoen topaleku izan da asteburuan Ajangizko Kanpantxu auzoan dagoen Lurraska ingurugiro zentroa. Hain zuzen, Bizkaiko 120 bertsolari gaztetxotik gora batu dira Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Neguko Bertso Barnetegian.Ikastetxeetan zein...
Ikastetxeetan zein bertso eskoletan bertsotan diharduten gaztetxoek elkar ezagutzea eta ondo pasatzen duten bitartean bertsotan sakontzea dira aipatu ekimenaren helburu nagusiak.
Bariku arratsaldean elkartu ziren, eta domeka eguerdira bitartean, jolasak, musika eta hamaika ekintza egin zituzten.
Adinaren arabera taldeka bilduta aritu ziren bertsotan. Esaterako, nagusienen taldeak bat-batean trebatzeko aukera eduki zuen, ofizioka zelan hobetu edota gai bati zelan heldu aztertuz.
Zapatu iluntzean bisita berezia izan zuten. Etxahun Lekue eta Jone Uria bertsolari ezagunak egon ziren Lurraskan. Giro ederra izan zuten bi bizkaitar horiekin egindako bertso afarian.
Arrakastatsua
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek esan dutenez, bertsolaritza lantzeak aukera ezin hobea eskaintzen die gazteei euskararen erabilera indartu eta jendaurrekotasuna lantzeko. Ekimen honen arrakasta nabarmendu dute.
Gainera, asteburu oso bat elkarregaz egoteak harremanak sakontzeko aukera ere ematen die: «Bertso barnetegian egoteak elkarrenganako konfiantza ematen die gaztetxoei, eta hori neurri batean, lagungarri zaie Eskolarteko Txapelketan edota Bertsolari Gazteen BBK Sariketan parte hartzeko», zehaztu du Idoia Anzorandia bertso irakasle eta antolatzaileak.