Artisau moldez zizelkatu dira izkiak inprenta txikietan, hamarkada luzez. Esku trebeekin landu dira tintatutako orriak tailer zuloetan. Eizagirre inprentatik ateratako lan batzuk eta itxura ematen lagundu duten lanabesak oraindik gordeta dauzka Juan Luis Eizagirrek.
Juan Luis Eizagirre, inprentako makinekin
Ondarroan zabaldu zuten Eizagirre inprenta Juan Luis Eizagirreren izebak eta osabak, baina berehala pasa ziren Berriatuara, Erribera kaleko 24. zenbakira, aspaldiko 1959. urtearen amaieran. 1960an hasi zen lanean Juan Luis Eizagirre, ikasketak amaitu berri, inprenten gainean ezer ez zekiela. Urteekin, inprenten ofizioa bere egin zuen. Ez zituen alperrik 50 urte egin inprentan, zarratu zuten arte. 1959tik 2009ra arteko tarte luze horretan, inprentaren bilakaera hurre-hurretik ezagutu du Berriatuko inprentak.
Osabagaz hasitako bidea bakarrik egin du ia urte guztietan, 1967tik aurrera bakarrik eroan zuen eta tailerra. Eizagirre inprenta martxan jarri zenean, inprenta gutxi zeuden eskualdean. Aurretik egona zen bat Ondarroan, eta Juan Luis Eizagirrek beste bi ere ezagutu zituen auzo herrian; Markina-Xemeinen ez zegoen bat bera ere, eta Mutrikun eta Lekeition ere ez. Lekeitiarrek Gernikako Gaubekara jotzeko joera zeukaten, eta mutrikuarrek, Debara.
Auzoko herrietako bezeria. Inguruko herrien artean, Ondarroatik eta
batez ere Markina-Xemeinetik heltzen zen lana Berriatuko inprentara. Kultur elkarteek, udalek, latorrigileek, jatetxeek eta Ondarroako armadoreen elkarteak eta izotz lantegiak eta partikularrak zituen bezero, besteak beste, eta haiek eskatuta, kartelak, taloitegiak, menuak eta oroigarriak kaleratu zituen urteen joan-etorrian. Inprimakien atzean dagoen historiaz jakiteko jakinmina duenari kartelak egiten zaizkio deigarri, inguruotako aspaldiko ohituren berri ematen duten altxorrak direlako. «Gaur egun inprimaki batzuk baino ez dauzkat gordeta. Inguruko historiazaleek eskatzen didate ez botatzeko, balio handikoak direla eta», azaldu du Juan Luis Eizagirrek. Karteletan urtea zehaztu barik egotea faltan botatzen du gehiago jakin nahian dabilen begiak. Horrelakoetan, kartelaren edukiaren arabera egin ohi ditu kalkuluak Eizagirrek.
Benito Lertxundik Ziortza-Bolibarren eman zuen jaialdi bat iragartzen duen kartela aurrean duelarik, adibidez, 1966koa izan behar duela ondorioztatu du, badakielako 25 urte inguru zeuzkala oriotarrak kantaldia eman zuenean.
Kartelak inguruko aspaldiko ohituren berri ematen duten altxorrak dira
Historiaren lekuko. 60eko hamardakadaren azken urteetan euskal kulturak agerraldirako zeukan gogoaren isla ere bada kartela, Francoren diktadurapeko Euskal Herrian. Zentsuratik pasa beharra zeukaten taldeak derrigortuta egoten ziren kultur emanaldietan parte hartu behar zutenen zerrendaz gain emanaldian agertuko ziren testuen berri ematera, dela jaialdietan, dela antzerki saioetan, eta kopia ugari atera behar izaten zituzten agintarien pean zeuden departamenduetan erakusteko. Inprentei eragiten zien horrek. Baina Juan Luis Eizagirrek ez zuen
zentsura hori inprentan jasan beharrik izan.
Juan Luis Eizagirre, inprentako makinekin
Arriolaren oroigarria. Edozelan ere, Frankismoak eragindako beldurra Erribera 24ko atea zeharkatzera heldu zen, Ondarroako Guardia Zibilen kuartelean Koldo Arriola ondarrutarra hil zutenean. Senidea izanik, familiak oroigarria kaleratzeko eskaera egin zion, eta ez du ukatzeko estutasuna pasa ez zuenik. «Frantzian ateratako argazki batzuk ekarri zizkidaten inprimatzeko, oroigarri modura, eta eduki nuen neure kezka, ze harrapatzen bazintuzten….», gogoratu du Eizagirrek.
Hizkuntzaren beraren erabilera bada nahikoa lagungarri inprimakiak datatzeko, batez ere kultur ekimenak iragartzen dituztenak. Inprenta martxan hasi zenean, gaztelaniaz argitaratzen ziren; elebidun gero eta euskara hutsez azken urteetan, Frankismoak euskararekiko izan zuen jazarpenaren eboluzioa irakur daiteke lerro artean.
Eskaerak ere badira gizarte aldaketaren erakusle. «Jaunartzeko oroigarriak, hildakoenak…. lehen denek egiten zituzten; eta gero, ez. Bizimodua aldatu egin da», dio Eizagirre inprentakoak. Internet-ik gabeko garaietan, bezeroak tailerrera bertara joaten ziren eskaera egitera, aurrez aurre; aurretik egindako lan bat berrargitaratu behar ez bazen; horrelakoetan nahikoa zen-eta telefono bidez emandako azalpenekin.
Mimoz egindako lana. Eta horren guztiaren atzean, artisau lana. Inprenta ulertzeko beste era bat, denbora bera ere beste era batera neurtzen zen garaietan. «Orduan ere egoten ziren presak eta garaiz heldu beharrak, jakina. Baina erritmoa beste bat zen. Ez dauka zerikusirik gaur egungoagaz», adierazi du Eizagirrek. Lan txikienetik handienera, mimoz zaintzen zuen iprimaki bakoitza, letraz letra, zenbakiz zenbaki, banan-banan, plantxa bakoitza behar zuen dedikazioz doitzean.
Zehatza eta metodikoa zen Eizagirre, eta 50 urteotan behin baino gehiagotan gertatu izan zaio egun guztiko lana bota behar izatea, gaizki apuntatu eta 3 baten ordez 8 ipini duela eta, adibidez.
Bere garaian dirutza balio zuten lanabesak txatarraren prezioan saltzen dira
Pena ematen dio bere garaian dirutzak ordaindutako
lanabesari gaur egun baliorik ez ematea, txatarraren prezoian saltzea. Oraindik martxan dauden inprenten etorkizunaz ere zalantzati ageri da. «Bizimodua erabat aldatuta dago. Dena dago digitalizatuta, eta makina handietan kopuru handiak ateratzen dira denbora gutxian». Gaur egungo erritmo bizkorrengandik urrun, Juan Luis Eizagirrek etxeko garajean gordeta dauzkan makinak eta tiraderetan pilatutako hamarnaka letra tipoak denbora geldoagoen lekuko isil dira.
Juan Luis Eizagirre, letra tipoak gordetzen dituen tiraderen aurrean