Martxoak 8: Milaka emakume atera dira kalera
Greba feministak oihartzun handia eduki du. Eguerdian plazak bete-bete egin dira Mutrikun, Lekeition, Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Aulestin. Kolore morez jantzita, planto egin duten emakumeak elkarretaratzeak deituta zeuden herrietako plazetara hurreratzen joan dira. Elkarretaratze gehienak zaratatsuak izan dira. Markina-Xemeinen manifestazioa egin da, eta inoizkorik jende gehien batu da.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
ELA sindikatuak greba feministaren balorazio oso positiboa egin du, eta gaurko eguna historikotzat jo du. Datu guztien faltan, herri guztietan jarraipen oso zabala izan duela esan du Arrate Elkoro Zengotitabengoa eskualde arduradunak: “Herri guztiak emakumez beteta egon dira, eta lan baldintzetatik haratako joan gara greba honetan”. Sektore feminizatuetan grebaren jarraipena oso zabala izan dela azpimarratu du, eta sektore industrialeko datuak ondorengo orduetan jakingo dituztela.
Egun historikoa eta pozgarria izan da gaurkoa LAB sindikatuarentzat ere. Ion Iñaki Alkorta LABeko Industria arduradunak grebak herriz herri izan duen izugarrizko erantzuna azpimarratu du, eta onartu du aurreikuspenetatik haratago joan dela. “Oso pozik gaude, komertzio asko itxita egon dira, sektore feminizatuetan jarraipen zabala izan du grebak, eta industrian ere gainditu egin dira aurreikuspenak”. Ikastetxeetan eta zerbitzuetan ere grebak jarraipen zabala izan duela esan du. “Jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa eman dugu gaur”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Kontserbagintzan izaniko erantzuna nabarmendu nahi izan du Alkortak, Bermeori aipamena eginda: “Bermeon ia erabatekoa izan da kontserbagintzan lanuzteek izan duten erantzuna, 1.000 lagun inguru bildu dira goizeko mobilizaioan, eta hori izugarrizkoa da”.
Bestalde, Maier kooperatibak izandako jarrera kritikatu du. “Maierren emakumeek arazoak izan dituzte lanetik ateratzeko, trabak jarri dizkiete, eta hori ulergaitza da”.