Bizkaiko Jubilatu eta Pentsiodunen Pentsionistak Martxan elkarteak deituta, hirugarren astez jarraian hainbat herritar batu dira gaur [martxoak 12] Ondarroako Alamedan.
Elkarretaratzean azaldu dutenez, “duintasunez” bizitzen lagako dieten gutxieneko pentsioak bermatzea eskatzen dute. Nabarmendu dutenez, Espainiako gobernuak egin dituen ondoz ondoko pentsioen erreformek “kalte handia” egin diete pentsiodunei. “Pentsiodun gehienok txirotasun atalasearen azpitik kobratzen dugu, eta urte luzez lan egin eta kotizatu ondoren, gure bizitzako azken urteotan gero eta zailagoa egiten zaigu duintasunez bizitzea”.
Elkarteko kideak herritarrei mozioa erakusten
Aldi berean, zapatuan [martxoak 17], 17:00etan, Bilbon egingo den herrialde mailako manisfestaziora joateko deia ere egin dute. “Bilbon egingo den manifestazioa handia izatea espero dugu”. Bilbon eze eze, beste hainbat hiriburutan ere antzeko mobilizazioak egingo dira zapatuan. Eibarren eta Donostian ere egingo da manifestazioa; Eibarren 12:00etan aterako da manifestazioa, Unzaga plazatik hasita. Donostian, aldiz, 18:00etan aterako da.
Bide batez, gainera, mozioa aurkeztu dute udal erregistroan. Elkarteko kideak hainbat herritarrek lagunduta joan dira erregistrora, eta hantxe aurkeztu dute euren proposamena, kanpoan beste guztiak babesa emateko zain zituzten bitartean. “Ondarroako udalbatzari gaia aztertu eta horren inguruan eztabaidatzeko eskatu nahi genioke”, azpimarratu dute.
Pentsionistak Martxak elkarteko kideek azpimarratu dutenez, gainera, mozioa Ondarroako udalean aurkeztu ez eze, beste hainbat udal gobernuri aurkezteko asmoa ere badute. “Ahal dugun tokian, udaletxe guztietan ari gara eskaera berdina egiten. Gure indarra ikusi egin behar da”.
Hurrengo asteotan ere batzen jarraitzeko deia. Mozioan, besteak beste, hainbat eskari egin dituzte. Alde batetik, pentsioen %0,25eko “igoera ziztrina” arbuiatzeko eskatu diote udalari, eta, era berean, Europako Gutun Sozialak ezarritako 1.080 eurotako gutxiengo pentsioa ezartzea. Dokumentua erregistratu ostean elkarteko kideek adierazi dutenez, mozioa hurrengo udalbatzan aztertuko da; martxoaren 22an, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
Amaitzeko, hurrengo asteotan herri mailan ere protestak egiten jarraitzeko nahia azaldu dute. Ondarroan, ohi modura, hurrengo astelehenean [martxoak 19] 12:00etan batuko dira Alamedan.
HONEKIN LOTUTA:Marian Beitialarrangoitiak pentsioei buruz Ondarroan eskainitako hitzaldia
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.