19 bikotek parte hartuko dute Berriatuko San Gregorio zesta-punta txapelketan
Berritxu Zesta Eskolak antolatutako 30. San Gregorio saria asteon hasiko dira jokatzen. Txapelketa, hain zuzen ere, hamargarren Felix Aldazabal memoriala izango da. Antolatzaileek adierazi dutenez, 19 bikote ariko dira lehian, eta, ohi modura, hiru kategoriatan banatuta jokatuko da Berriatuko Mendibarren frontoian txapelketa: elite, nagusi eta kadete/gazte mailetan. Zehatz esanda, zortzi bikotek (bi taldetan banatuta) parte hartuko dute elite mailan, bost bikotek nagusi mailan eta beste sei bikotek kadete/gazte kategorian.
Hain zuzen ere, bihar [martxoak 14] 19:00etan jokatuko da jaialdiari hasiera emango dion lehen partida. Jokin Arbek eta Jonathan Etxebarrietak osatutako bikoteak Julen Iriondo eta Iñaki Garcia Martinezen aurka jokatuko norgehiagokarekin estreinatuko da txapelketa, elite mailan. Etzi [martxoak 15], berriz, elite mailako bigarren norgehiagoka jokatuko dute Alex Hormaetxea eta Roberto Lekuek osatutako bikoteak Lafuente eta Suso gasteiztarren aurka, 19:15etik aurrera.
Barikuan eta zapatuan, aldiz, bina partida jokatuko dira, 20:00etatik eta 11:00etatik aurrera, hurrenez hurren. Barikuan kadete/gazte mailako honako bi partidak hartuko ditu Mendibarren frontoiak: Urko Leke-Jon/Donostia Jai Alai Zesta Punta eta Unax-Atain/Ibar-Iñaki Egia.
Zapatuan, ostera, senior mailako neurketak ikusteko aukera egongo da. Urrik eta Ion Ibarluzeak osatutako bikoteak Gaizka Barinagarrementeriaren eta Mikel Elkorobarrutiaren aurka jokatuko dute lehen partida. Ekaitzek eta Andonegik, berriz, Gotzon Mandiolaren eta Manziren aurka neurtuko dituzte indarrak.