253 ibiltarik osatu dute Bizkaiko Bidezidorren Ligako lehenengo etapa
Ondarroan hasi eta Lekeitiora arteko bidea egin dute ibiltariek GR123 kostako bidezidorrean zehar. Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu du lehenengo etapaArrakasta handiz estreinatu zen domeka goizean Bizkaiko bidezidorren lehen liga. 253 ibiltarik eg...
Ondarroan hasi eta Lekeitiora arteko bidea egin dute ibiltariek GR123 kostako bidezidorrean zehar. Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu du lehenengo etapa
Arrakasta handiz estreinatu zen domeka goizean Bizkaiko bidezidorren lehen liga. 253 ibiltarik egin zuten Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak Ondarroa eta Lekeitio (GR 123) artean antolatutako lehen etapa. Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku eta Bilboaldeko lagun askok parte hartu zuten Bizkaiko Mendizale Federazioak mendizale taldeekin batera antolatu duen ekimen berrian.Lekeitioko Arropaingo aparkalekuan autobusak hartu eta Ondarroara joan ziren ibiltariak Itsasaurre plazan ibilbideari ekiteko. Guztira 15 kilometro izan ziren kostako bidean zehar. Ondarroako Goimendia auzorako igoera izan zuten gaitzena, handik aurrera gorabehera txikiko bide erraza eduki zuten partaideek Berriatuko Asterrika auzotik Mendexara eta hango abentura parke berriaren ondotik Lea Ibilbidearen azken zatira arte. Haize zakarra eduki zuten tarteka, eta Mendexarako bidean basa apur bat aurkitu zuten; hala ere, gustura ibili ziren ibiltariak, eta bide seinale ugari eta oso ondo jarrita zeudela nabarmendu zuten.
Lekeitioko Independentzia plazan amaitu zen etapa, eta hamaiketakoa eginez eskuratu zuten bertan ligako etapa guztien liburuxka. Izan ere, 11 etapak osatzen dute Bizkaiko I. Xendazaletasun Ligaren egutegia, etapa bakoitza mendigoizale talde batek antolatuko du, eta etapa kopuru bat osatzen dutenek opariak izango dituzte ligaren amaieran.
Martxoaren 25ean Zierbenan izango dute hurrengo hitzordua mendizaleek.