Aritz Erkiaga ispastertarra Mexikoko Nazioarteko zesta-punta txapelketan ariko da
Ispasterko puntistak egun Miamiko (Florida, AEB) frontoian jokatzen baldin badu ere, Mexikoko Nazioarteko Txapelketa jokatzera deitu dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txapelketa bihar [martxoak 14] hasi eta zapatuan [martxoaren 17an] amaituko da munduko frontoirik handienean; Mexiko hiriko pilota jauregian, alegia. Txapelketari dagokionez, gainera, aurten jokatuko diren hiruen arteko lehenengoa izango da.
Txapelketa hiruna bikotegaz osatutako bi taldetan banatuta jokatuko da, eta aurreratu dutenez, Ispasterko artistak bigarren taldean jokatuko du Julien Ihitsague Lapurdiko atzelari gazteagaz batera. Jakitera eman dutenez, Erkiagak eta Ihitsaguek etzi [martxoak 15] jokatuko dute txapelketako estreinako partida.
Bihar eta etzi 20 tantora jokatuko diren sailkapen neurketak jokatuko dira. Barikuan [martxoak 15], berriz, sailkapen faseko talde bakoitzean garaile suertatzen diren bi bikoteek jokatuko dute finalaurrekoa. Eta, zapatuan, azkenik, final handia hartuko du Mexiko Hiriko frontoiak.