Gizonezkoen ohorezko mailako finala irabazi dute Berriatuko Zesta Eskolako Roberto Lekue ondarrutarrak eta Antxon Alberdi etxebarritarrak. Mutrikuko Danok Bat taldeko Ekaitz Mendizabalen eta Mikel Manzisidorren aurka jokatutako neurketa
35-24 irabazi dute.
Berriatuko eta Mutrikuko bikoteak nor baino nor aritu ziren zapatuan [martxoak 10] Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatu zuten finalean. Norgehiago “polita eta gogorra” jokatu zuten, eta 20. tanto bueltara arte, nahikoa berdinduta ibili ziren bi aurkariak. “Nahikoa berdinketa egon ziren lehen zati horretan”, aitortu du Roberto Lekue Berriatuko jokalarien entrenatzaileak.
Roberto Lekue eta Antxon Alberdi txapelak soinean. Argakia: Berriatuko zesta eskola
20. tantotik aurrera, aldiz, partidaren ordura arteko egoera guztiz aldatu zen. Lekuek eta Alberdik lauzpabost tantoko abantaila lortu zuten, eta hortik aurrera beste horrenbeste tanto ere egin zituzten. “Abantaila horri eustea, hain zuzen ere, partida irabazteko gakoa izan zen”. Berriatuko entrenatzaileak gaineratu duenez, Lekuek eta Alberdik, gainera, kategoria horretan eskarmentu gehiago dute, eta hori ere igarri egin zen txapela lortzeko garaian.
Markina-Xemein bigarren. Ohorezko mailako finala ez eze, egun berean gizonezkoen senior mailako finala ere jokatu zen Uni frontoian. Gasteizko bikoteak 35-33 irabazi zuen Zumaiakoen aurka jokatutako norgehiagoka.
Hondarribian, berriz, kadete eta gazte mailako finalak jokatu ziren zapatuan. Gazte mailako finalari dagokionez, bertoko partaidetza ere egon zen. Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako Alexek eta Danelek 35-31 galdu zuten Gernika Jai Alaiko Lekeren eta Undaren aurka. Bi bikoteak gogotsu atera ziren kantxara, eta sekulako maila erakutsi zuten, azken unera arte berdinketaz betetako partida eskainiz.